Azkoitia UEMAko kide da ofizialki

Andrea Zipitria 2023ko abe. 16a, 17:44

Gaur goizean Orion izan da UEMAren batzar nagusia, eta bertan izendatu dituzte Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri UEMAko kide. Baita ere, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek.

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) batzar nagusia egin du gaur goizean, Orion, eta bertan, Azkoitiak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko egindako eskaera onartu da. 

"Gustura" agertu da Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotzi Marijose Arregi. “Hartutako erabakia euskararen onerako izango dela pentsatzen dugu. UEMAri esker hainbat programa eta baliabide jasoko ditugu, orain arte ez genituenak", azpimarra du. 

Hain zuzen ere, Azkoitiko Udalak UEMAra atxikitzea onartu zuen ostegunean, abenduko ezohiko osoko bilkuran, EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen babesarekin —PSE-EEk aurka bozkatu zuen—.

Azkoitia ez ezik, UEMAn sartu dira gaurko egunez Zeanuri, Mendexa, Berrobi, Hondarribia eta Lezo. Horrenbestez, 107 udal izatera iritsiko da UEMA, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

 

2023ko balantzea eta 2024rako egitasmo nagusiak

 

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2024rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: hamar herri gehituta UEMAk izan duen hazkundea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuak izandako harrera ederra; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenaren baitan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa-lerroari emandako bultzada eta garrantzia.

2024ko egitasmoen artean, berriz, hainbat nabarmendu dituzte. Honakoak, besteak beste: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide