Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak 47 herritar omendu ditu

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 16a, 10:07
Aurten omendutako odol emaileak nahiz elkarteko eta udaleko ordezkariak, atzo, Elkargunean. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak herriko odol emaileen elkartasuna aitortzeko ekitaldia egin du. Elkarteko kideentzat "urte ona" izan da aurtengoa, pandemia aurreko zifrak berreskuratu baitituzte. 1.580 odol poltsa eta plasmaren beste 50 lortu dituzte aurtengo ateraldietan.

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak urtero antolatu ohi du herriko odol emaileen elkartasuna aitortzeko ekitaldia, eta atzo egin zuten aurtengo omenaldia, Elkargunean. Hitzorduaren helburua izan zen hainbat herritarrek egiten duten ekarpen soziala txalotzea. Guztira, 47 gizon eta emakume omendu zituzten, odola 25 aldiz eman dutenetatik hasi eta ehun aldiz ematera iritsi direnetara arte. Luis Arregi Ispizu, Mikel Arregi eta Juanjo Ruiz de Azua Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko kideak buru zirela egin zuten atzoko ekitaldia, eta han izan ziren Ana Azkoitia alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Sonia Vazquez ere.

Ispizurentzat "urte ona" izan da aurtengoa, pandemia aurreko zifrak berreskuratu baitituzte. "1.580 odol poltsa eta plasmaren beste 50 lortu ditugu odol ateraldiak egin ditugun hamazazpi egunetan". Atzo arratsaldean omendutakoek egindako ateraldi guztiak kontuan izanda, 2.360 odol poltsa bete dituzte.

Azkoitia odol gehien ematen duen herrietako bat da. 840 odol emaile ditu; 352 emakume eta 488 gizon. Ez da kopuru makala, baina adi egon beharra dago Ispizuren ustez. "Aurten, esaterako, odola ematen hasi diren 65 odol emaile berrietatik 53k utzi egin behar izan diote adinagatik edo osasun arazoengatik".

"Osasuna dugunean plazera kontsumoan eta bidaietan bilatzen dugu; norberaren plazera eta ingurukoena. Osasuna galtzen dugunean, ordea, besteen beharra berehala agertzen da: sendagileena, erizainena, zaintzaileena… Ospitaletik buelta bat egiteak beste errealitate bat jartzen digu begien aurrean; beste begirada bat eskatzen duen errealitate bat, alegia. Zuek baduzue besteenganako begirada hori. Dedikazioa, eskuzabaltasuna, kontzientzia, maitasuna; birtute horiek denak behar dira zuentzat arrotza denari, ezezaguna denari, zuen odola emateko". Hori guztiagatik, omenduak zoriondu zituen alkateak, eta egiten duten ekarpena eskertu zien.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide