Gabonetako azoka egingo dute lehendabizikoz Azkoitian

Iraia Oteiza 2023ko abe. 13a, 10:30
Endredamakina Azkoitiko beste azoka batean. (Hitza)

San Andres egunean ez zen artisau azokarik egon greba feminista orokorra medio. Horren ordez egingo dute Gabonetako azoka igande goizean, plazako arkupeetan.

Artisau eta sortzaileen Gabonetako azoka egingo dute Azkoitian, lehendabizikoz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azoka egitearen arrazoi nagusia azaroaren 30eko greba feminista orokorra izan da, greba San Andres egunez egokitu zenez, egun horretan herrian egin ohi duten artisau azokarik gabe geratu zirelako. "Orain arte ez da Azkoitian Gabonetako azokarik egon, sanandresetan artisau azoka jada egiten denez, beharrik ikusten ez genuelako. Aurten, grebaren ondorioz azokarik gabe geratu gara, greba aldarrikapenarekin bat egiteko beharra ikusi genuelako. Horren ordezko azoka berri bat Gabonen atarian egitea polita eta egokia iruditu zaigu", adierazi du Mixa Fortova azokaren antolatzaileetako batek.

Hain zuzen, Fortova bera izan da azoka Gabonetan egiteko ideia izan duena, COVID-19aren pandemia eta gero, berriro ere azokarik gabe geratzea "bidegabea" iruditu zaiolako. Azokaz azoka ibiltzen da bera, eta ezagutzen ditu inguruko artisau eta sortzaileak. Banan-banan jarri da harremanetan horietako bakoitzarekin, eta halaxe osatu du Azkoitiko Gabonetako azoka.

Hamahiru postu

Orotara, Azkoitiko zein inguruko herrietako hamahiru postu jarriko dituzte azokan. Postu horietako bakoitzak eskaintza ezberdina izango du: Kikek egurrezko jostailuen postua izango du, Djulak alanbre eta zilarrezko lanena, Endredamakinak osagarri birziklatuena, Manex Beristainek ipuin kontakizuna eta barreterapia zerbitzua eskainiko ditu, Magnoliak likor eta marmeladak, Tilin Talanek bitxiak, Ametsen Txokoak eskuz eginiko osagarriak, Limoi Arroxak kosmetika produktuak, Amesgile argitaletxeak liburuak, Isak kakorratz lanak eta Aiora Urbietak kosmetikoak.

Igande honetan, abenduaren 17an, egingo dute azoka Azkoitiko plazako arkupeetan, 11:00tan hasi eta 14:00ak bitartean. "Garai honetan eguraldi kaskarra askotan egiten duenez, azoka arkupeetan egitea erabaki dugu, euria egiten badu ere babesean egoteko", argitu du Fortovak. Hala ere, ateri badago, arkupeetatik plaza aldera zertxobait aterako direla gaineratu du.

Azkoitiarrei eta inguruko herritarrei azokara bertaratzeko deia egin die hark: "Ondoko herrietako nahiz herriko sortzaile eta ekoizleen produktuak erostea ere bada gure komunitatea zaintzeko modu bat, zentzu askotan". Horrekin batera, bertako merkatari txikien egoera "kezkagarria" dela ohartarazi du, bezeroen falta dela eta, Azkoitiko zein inguruko herrietako denda eta saltoki txiki asko eta asko ateak ixten ari direla gogoraraziz. "Lagundu egin behar diegu, gure herriak itzal ez daitezen", dio Fortovak argi.

Igandekoaren ostean, ez du baztertzen aurrerantzean ere herrian Gabonetako azoka egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide