Herriko landa lursailak mugatzeko lanekin jarraitzeko bilerak deitu ditu udalak

Ane Olaizola 2023ko abe. 12a, 14:37

Landa lursailetako jabeekin egindako bilera bat, iaz. (Azkoitiko Udala)

Landa lursaileko 689 hektarea osatzen duten 490 partzela mugatzeko lanak hasita ditu udalak, eta orain, udalerriko 18, 22, 23 eta 24 eremuetako lurzoruetan jarraituko du lanketarekin. Ostegunean, bilerak egingo ditu hango jabeekin.

2021ean hasitako lanketaren bidean, Azkoitiko Udalak herriko landa lursailak mugatzeko lanekin jarraitzen du, eta 10, 11, 12, 15, 16 eta 17 poligonoetan mugarritze lanak burutu ostean, udalerriko 18, 22, 23 eta 24 eremuetako lurzoruetan jarraituko du, Geograma
enpresaren eskutik. Udalak azaldu duenez, eremu horietako jabeei gutuna bidali die bilerara deituz, bertan jasoko baitituzte proiektuaren nondik norakoak. Bilerak ostegunean, abenduaren 14an, izango dira Elkargunean, 11:30ean eta 18:00etan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurune Sailaren diru laguntzarekin ari da udala proiektua gauzatzen, eta erakundeak gogoratu du jabeek edo oinordekoek landa jabetzak "ez ezagutzeak edo ahazteak mugak nahasgarriak izatea edota desagertzea" dakarrela askotan. "Ondorioz, mendia ez da zaintzen, landa munduarentzat ondorio larriak eraginez". Hori hala, mugen inguruan egon daitezkeen akatsak argitzea, zuzentzea eta mugarriei GPS koordenatuak ematea da proiektuaren helburua.

Landa lursaileko 689 hektarea osatzen duten 490 partzela ari dira mugatzen azken bi urteetan, eta eremua "oso zabala" izanik, lanketa faseka ari dira egiten. Lanak behar bezala egiteko, gainera, udalak ezinbestekotzat jo du ehundik gora lur jabeen lankidetza izatea, horiek mugakide dituzten beste jabeekin adostu behar dituztelako partzeletako mugarriak. Ondoren, jabeei mugarrien planoak eta mugen koordenatuak emango dizkiete, eta katastroan mugen zuzenketak egingo dizkiete, beharrezkoa balitz. 

Bide horretan, jabeei dei egin die elkarrekin ados jar daitezen, bestela "ezinezkoa" izango delako lanketa egitea. Adostasunik ezean, mugakide ez diren lur jabeen artean ezin izango da proiektua garatu, udalak azpimarratu duenez. Haren arabera, jabeen parte hartzea borondatezkoa da eta ez die gastu ekonomikorik eragingo. "Mugarriak aurkitu eta garbitu beharko dituzte soilik, topografia lanak egiteko", zehaztu du erakundeak. Elkarlanerako "prestutasuna" eskertu du udalak.