"Gizatasuna plazaratzea" oinarri duen Isilune Zirkulua egitasmoa jarri dute martxan

Ane Olaizola 2023ko abe. 12a, 11:13

Nerea Machado, Lourdes Alberdi, Alberto Perez, Ixabel Jauregi eta Gaizka Astigarraga, atzo, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Giza eskubide urraketak salatzeko asmoz, Isilune Zirkulua egitasmoa jarri du abian Azkoitiko Parrokiko taldeak, herriko beste hainbat talderen atxikimenduarekin. Hileko hirugarren ostegunetan elkarretaratzeak egingo dituzte, urraketa horiek "maila eta arlo guztietan" salatzeko.

Azkoitiko Parrokiko taldeak Isilune Zirkuluak egitasmoa jarriko du martxan herriko beste hainbat talderekin batera, mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzeko asmoz. Ekimenaren bidez, hileko hirugarren ostegunetan ordu laurdeneko elkarretaratze isilak egingo dituzte plazan. "Munduan gertatzen ari diren hainbat egoeraren aurrean, ikusi genuen geldirik egotea bidea ez dela, nola edo hala, gizaki moduan, plazaratu egin behar genuela". Nerea Machado Parrokiko kidearen arabera, egitasmoak "gizatasuna" plazaratzea du oinarrian. Taldeek atzo eman zuten egitasmoaren berri.

Frantzian du jatorria Isilune Zirkulua egitasmoak. 2007an jarri zuten hura martxan, eta orduz geroztik, beste hainbat herrialdera zabaldu da, baita Euskal Herrira ere. Machadok azaldu zuenez, hasiera batean migrazio mugimenduei eta migratzaileek jasaten dituzten giza eskubide urraketei lotutako egitasmoa izan da Isilune Zirkuluak, baina urraketok haratago doazela iritzita, Azkoitiko sustatzaileek egitasmoa "maila eta arlo guztietara" zabaltzea erabaki dute.

Hori hala, hilero gai jakin bat salatuko dute, eta honako dinamika hau izango dute protestek: 20:00etako kanpaiak jotzearekin bat bilduko dira plazan, eta dagokion taldeak bere burua aurkeztu ondoren, zirkulu bat osatuko dute. Erdian dagokion gaiari lotutako objektu bat jarri, eta zirkuluan birak emango dituzte han elkartzen direnek, isilik. Azkenik, mezu bat irakurriko dute, eta informazio orriak banatuko dizkiete herritarrei.

Taldeen atxikimendua

Giza eskubideen urraketen arloan lan egiten duten herriko beste hainbat talde, elkarte zein erakunderekin jarri da Parrokia harremanetan, haien guztien atxikimendua jasotzeko asmoz, eta batzuk batu dira egitasmora, hala nola Gernika-Palestina, Marea Urdina, Daralhi eta Loiola Zentroa.

Talde bakoitzaren ardura izango da hari dagokion hileko elkarretaratzea prestatzea, eta hark erabakiko du zerren inguruko Isilune zirkulua egingo duen dagokionean. Aurrenekoa Parrokiak antolatuko du hilaren 21erako, eta Gizakia arriskuan lelopean elkartuko dira: "Gaur egun gertatzen ari diren mundu mailako gerrak gogoratuko ditugu, batez ere Palestinan eta Ukrainan gertatzen ari den egoera salatzeko, nazioartean gertatzen ari diren eta apenas ezagutzen ez ditugun beste gerrak ahaztu gabe".

Parrokiko kideak ez ezik, egitasmoarekin bat egin duten taldeak ere izan ziren atzoko aurkezpenean, beren berri emateko. Gernika-Palestina dinamikako Azkoitiko taldea 2006an Palestinan egon ziren herritar batzuek osatzen dute, Gaizka Astigarraga kideak azaldu zuenez: "Palestinatik itzuli ginenenean, hango egoeraren lanketa bat egin genuen pare bat urtez, baina gero geratu egin ginen. Orain Palestinan duten egoerarekin, gaiari heldu behar geniola uste genuen, eta Parrokiak proposatu duen egitasmoa oso zilegi iruditzen zaigu, lanketa gizatiarra egitea proposatzen dutelako. Horregatik batu gara egitasmora".

Lourdes Alberdi, bestalde, Saharako komunitateko ordezkari moduan izan zen aurkezpenean, eta Saharako errefuxiatuek kanpalekuetan bizi duten "egoera eta baldintza txarrak" salatu zituen hark ere. Gizarteak sahararrak "ahaztuta" dituela adierazi zuen Alberdik: "Bestaldera begira gaude, eta interes ekonomikoei garrantzia handiagoa ematen diegu. Horrez gain, Saharatik etortzen direnek hainbat arazo izaten dituzte, nolabait esateko ez dutelako nazionalitaterik".

Bestalde, Loiola Zentroko Alberto Perezek azaldu zuen batez ere migratzaileekin aritzen dela lanean, eta egitasmoa goraipatu zuen hark. "Elkar zoriontzeko moduan gaude, talde desberdinetako pertsonak elkartu garelako, elkarren indarraz justiziazko ekintza garrantzitsu hau aurrera eraman dezagun".

Ixabel Jauregi Parrokiko kideak, berriz, Marea Urdinako Inma Urteagaren izenean hitz egin zuen, eta hark gogoratu zuen desgaitasuna duten edozein pertsonaren eskubide urraketak salatzeko lan egiten duela elkarteak.