Txikia IV.a, aurten txapeldunorde

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 8a, 15:51

Txikia IV.a Azkoitiko plazan, joan den San Andres egunean. Gaur bigarren egin du Bilbon, Aizkolari Txapelketa Nagusian. (Mailo Oiarzabal)

Azkoitiarrak ezin izan dio eutsi iaz Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian irabazitako txapelari. Larrañaga azpeitiarrak irabazi du aurtengo finala, gaur, Txikiari eta Otañori aurrea hartuta.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak jantzi du aurten Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren txapela, eta bigarren tokian sailkatu da iazko txapelduna, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean, hasieratik bukaerara aurretik ibili ondoren eta bigarrenari ia bi munutuko aldea aterata, falta zitzaion txapela irabazi du azpeitiarrak. 2020an eta 2021ean txapeldunorde izan zen Larrañaga, Iker Vicenteren atzetik; eta iaz, berriz, hirugarren sailkatu zen, Txikia IV.aren eta Eneko Otañoren atzetik.

Hamar kanaerdiko eta lau oinbiko moztu behar izan dituzte finalean lehiatu diren sei aizkolariek, eta txapeldunak 39 minutu eta 25 segundo behar izan ditu lanak osatzeko. Txikia IV.ak 41 minutu eta 19 segundotan bukatu ditu lanak, Larrañagarengandik 1.55era; eta iaz Larrañagaren aurretik bigarren gelditu zen Otaño beizamarrarentzat izan da gaur podiumaren hirugarren koska (42.57). Hiru urolatarrak ziren aurreneko hiru tokiak betetzeko faboritoak, eta ez dute hutsik egin. Urrutiago gelditu dira beste hiru finalistak: Ugaitz Mugertza izan da laugarrena (47.28), Ibai Soroa bosgarrena (49.15) eta Julen Larrea seigarrena (49.53). Horrenbestez, azaroaren 4an Tolosan jokatutako kanporaketako sailkapenaren hurrenkera errepikatu dute aizkolariek finalean.

Gizonen finalaren aurretik jokatu dute gaur Bilbon emakumeen finala. Hiru lehiakide aritu dira bertan, eta Nerea Arrutik iaz lortutako garaipena berretsi du, Karmele Gisasola Zelai III.aren eta Malen Barrenetxearen aurretik.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide