Jostailu hezitzailea kanpaina jarri du abian Gurutze Gorriak, haurren jolasteko eskubidea bermatzeko

Ane Olaizola 2023ko abe. 5a, 10:20
Jostailu hezitzailea kanpainaren irudi bat. (Gurutze Gorria)

Egoera zaurgarrian dauden adin txikikoek Gabonetan jostailu bat jasotzen du helburu kanpainak, eta horretarako, jostailuak jasoko dituzte datozen egunetan Azkoitiko Gurutze Gorrian eta bilketa masiboa egingo dute hilaren 15ean eta 16an, Eroski supermerkatuan. Dohaintzak ere egin daitezke.

Gurutze Gorriak Jostailu hezitzailea kanpaina jarri du abian, egoera zaurgarrian dauden umeek Gabonetan jostailu bat jaso ahal dezaten. Horretarako, jostailuak bilduko dituzte datozen egunetan Gurutze Gorrian, eta hilaren 15ean eta 16an, jostailu bilketa "handia" egingo dute Azkoitiko Eroski supermerkatuan.

Gurutze Gorriak azpimarratu du jostailuak ez direla soilik haurrentzako zein gazteentzako aisialdirako iturri, "komunikatzeko eta harremanak izateko gaitasunak hobetzen" laguntzen dutelako. "Horregatik, garrantzitsua da haur bakoitzak jostailu bat izatea eta familiak eta inguruneak ulertzea zergatik egon behar duten produktu horiek beren adinerako, gaitasunetarako eta motibazioetarako egokiak".

Proiektuaren helburua da 0 eta 18 urte bitarteko haurren jolasteko eskubidea bermatzea eta jolasen zein jostailuen erabilera sustatzea hezkuntza tresna gisa, baita eskolako eta familiako ingurunean balioak transmititzeko erreminta gisa ere. Gurutze Gorriaren arabera, pandemiaren krisiak "okerrera" egin du erakunde horren laguntza jasotzen duten familia askoren egoerak, eta horregatik, bereziki garrantzitsutzat jo du kanpaina, haur eta gazte horiek jolasteko zailtasunik izan ez dezaten.

Ekarpena egiteko hainbat modu

Jolasteko eskubidea bermatzeaz gain, "jarrera ez belikoak, ez sexistak, hezigarriak, errespetuzkoak eta lankidetzat jarrerak" sustatu nahi ditu Gurutze Gorriak, "gizarte-balioak" transmititzen dituzten elementuak direlako horiek, erakundearen arabera.

Hori horrela izanda, joko edota jostailuak eman nahi dutenek Azkoitiko Gurutze Gorriaren bulegora (Ugarte industrialdea) jo dezakete, eta informazio gehiago lor daiteke jacques.garcia@cruzroja.es helbide elektronikora mezua idatzita edo 617 60 09 16 telefono zenbakira deituta.

Jostailuak bilketa puntuetara eramateaz gain, dohaintzak ere egin ditzakete herritarrek, honako modu hauetara: Gurutze Gorriaren webgunean; Bizum bidez, eman atalean 01376 kodea sartuta; 900 10 49 71 telefono zenbakiaren bidez; edo jostailu hitza duen sms-a bidalita 38088 telefono zenbakira (hiru euro). Dohaintza horiek "gizarte-zailtasuneko egoeran" dauden haurrentzako jostailuak erostera bideratuko dituztela jakinarazi dute sustatzaileek. 

Gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, jostailuak eskuratu ondoren, espezifikazioak betetzen dituztela egiaztatzen dute, eta adinaren zein gaitasunen arabera sailkatzen ditu. Ondoren, elkarrizketak egiten dizkiete "egoera ahulean" dauden haurrak hartzen dituzten familiei, umeen "gustuak eta beharrak" ezagutzeko, "hobekien" egokitzen zaien jostailua eman ahal izateko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide