David Lariñok irabazi du XXVIII. San Andres xake txapelketa

Intza Trula 2023ko abe. 4a, 10:04

Atzo goizean jokatu zuten Anaitasuna Kakute taldeak antolatutako San Andres xake txapelketa Elkarguneko areto nagusian. Lehenengo postuan sailkatu zen David Lariño; bigarren izan zen Diego Del Rey, eta, hirugarren, David Lana.

David Lariñok eskuratu zuen XXVIII. San Andres xake txapelketako garaipena atzo; bere atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Diego Del Rey, David Lana eta Xabier Barbazan. Atzo, igandea, jokatu zuten Elkarguneko areto nagusian Anaitasuna Kakute taldeak antolatutako lehia, eta guztira 134 jokalarik hartu zuten parte. Orain arteko txapelketarik jendetsuena izan zen atzokoa; aretoa bete dute zuten parte hartzaileek eta hainbat herritar ere bertaratu ziren lehia ikustera.

David Lariño eta Diego Del Rey xakelarien artean egon zen garaipena lortzeko lehia, baina Lariñok eskuratu zuen azkenik garaikurra, berdinketa hausteko jokatutako puntu erdian. Zortzi puntu eskuratu zituen guztira Lariñok. Lehenengo azkoitiarra gizonezkoetan Manuel Paredes izan zen; emakumeetan, berriz, Lucia Valor.

Sari nagusiez gain, beste hainbat sari ere banatu zituzten atzokoan: gazteena, beteranoena eta federatu gabe daudenena. Talderik onenaren saria ere banatu zuten, eta onenak Donostiako Gros xake taldea, Santurtzi taldea eta Anaitasuna Kakute taldea izan ziren. 

Antolatzaileek jakinarazi zuten moduan, 32 talde ezberdinetako jokalariak bildu ziren bertan, zortzi probintziatakoak eta sei erkidegotakoak. Hori horrela, Euskal Herriko xakelariak ez ezik, Zaragozatik, Kantabriatik zein Asturiasetik (Espainia) etorri ziren Azkoitiko txapelketan lehiatzera. Horrez aparte, tituludun hainbat jokalarik jokatu zuten Elkargunean, eta gehienek Nazioarteko Federazioan puntuak dituzte.

Anaitasuna Kakute taldekoek eskerrak eman zizkieten kolaboratzaile eta babesle guztiei, baita Azkoitiko Udalari, Elkarguneari eta taldeko bazkide guztiei ere: "Beste behin lan bikaina egin dute txapelketa aurrera ateratzeko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide