Kamiñokoren idiek egin dute plaza gehien, sariketaren lehen egunean

Nerea Uranga 2023ko abe. 2a, 09:03

San Andres Idi Dema Sariaren lehen jardunaldian Kamiñoko, Lekanda, Asador Iruña eta Oliden probazaleen idiak lehiatu dira. Gaur (22:00) da kintopeko idi probetako bigarren eguna Azkoitiko Gurea probalekuan, Soarteren, Iñaki Lopategiren eta Zornotzaren idiek jokatuko dute dema.

Atzo iluntzean jokatu zen San Andres Idi Dema Sariaren lehen jardunaldia, 22:00etatik aurrera, Gurea probalekuan. 180 bat lagun elkartu ziren proba ikusteko. Kintopeko idiekin Kamiñokok, Lekandak, Asador Iruñak eta Olidenek jokatu zuten proba atzo.

Plaza gehien egitea lortu zuena Kamiñoko izan zen, 52 plaza eta 3,13 metro eginda. Kasu honetan, itzain Axier Alegria eta Iñaki Urrutia aritu ziren, eta ordulariarekin Bingen Aurtenetxe Motxo. 46,5 kiloko gainkargarekin egin zuten lan Kamiñokoren idiek.

Bigarren lan onena Orioko Olidenen idiek egin zuten atzokoan, 49 plaza, lau zinta eta 3,24 metro eginda. Itzain Iñaki Oliden eta Galder Bolaño aritu ziren, eta ordulariarekin Inazio Oliden. Idiek, berriz, 18 kiloko gainkargarekin egin behar izan zuten lana.

Hirugarren postuan atzo Lekandaren idiek lortu zuten, 40 plaza eginda. Itzain Jon Lekanda eta Iñaki Urrutia aritu ziren, eta ordulariarekin Jon Elgezabal. 120 kiloko gainkarga ibili behar izan zuten idiek.

Atzoko jardunaldian laugaren egin zuena Asador Iruña izan zen, 35 plazarekin. Axier Alegria eta Jagoba Tubilla aritu ziren itzain, eta ordulariarekin Juan Mari Beristain Erlete. Idiek 18 kiloko gainkarga eraman zuten.

Gaur, zapatua, San Andres Idi Dema Sariaren bigarren jardunaldia jokatuko dute, 22:00etan hasita, Gurea probalekuan. Soarteren, Iñaki Lopategiren eta Zornotzaren idiak lehiatuko dira gaurkoan.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide