A30 greba feminista orokorra

Zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, grebarako deia

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 11:24

Biharko grebarako deia eginez kartel bat. (Maialen Etxaniz)

Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko lanuztera deitu du bihar Euskal Herriko Mugimendu Feministak; Itaiak ere deitu du bihar planto egitera. Azkoitian, mobilizazioa egingo dute bihar, 12:00etan, eliz atarian.

"Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde", greba feminista orokorrerako deia egin du biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko dute, "egungo zaintza eredua guztiz pribatizatu dutelako". Horren ondorioz, "milaka eta milaka emakume baldintza onartezinetan" lanean ari direla salatu dute. Horregatik, ezinbesteko jo dute "bizitzaren zaintzaren egungo ordenamendu soziala eraldatzea". Bihar planto eginda, zera aldarrikatuko dute: "Pertsona guztiek bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko duten eskubidea".

Azkoitiko greba batzordea duela aste batzuk hasi zen biharko eguna prestatzeko antolatzen, eta horren emaitza da 12:00etarako eliz atarian prestatu duten mobilizazioa. Taldearen arabera, "asko" dira zaintzen sistema eraldatzeko kontuan hartu beharreko elementuak: "Zaintza duina eta unibertsala bermatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, sistema publikoa garatzea, lan jarduna murriztea eta langileen lan baldintzak hobetzea, barne langile moduan dauden zaintzaileen esklabotzarekin amaitzea...". Era berean, emakume migratuek "biderkatutako zapalkuntza" pairatzen dutela azpimarratu dute, horiek direlako "modu irregularrean lan prekarioenak" egiten dituztenak.

"Guztion ardura borrokatzea"

Azkoitiko greba batzordearen iritziz, "bizitza duinen alde borroka" da ikusarazi nahi, "bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berberaz zaintzeko eskubidea lortzeko". Hain zuzen, zaintza eskubide kolektiboa "borrokatzea guztion ardura" dela berretsi du taldeak, lan horien erantzukizuna ere "guztiena"  delako eta "zaintza lanak antolatu eta banatu" egin behar direlako.

Ildo horretan, greba batzordeak azpimarratu du Azkoitian ere "urteak" direla "pribatizazioaren ondorio gordinak" pairatzen ari direla, eta San Jose egoitzako langileak, egoiliarrak eta haien senideak ekarri dituzte gogora.

Era berean, Itaiak ere bat egingo du biharko deitutako lanuztearekin, baina bere aldarri propioak plazaratuko ditu. Hain zuzen ere, Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelo hartuta mobilizatuko da Itaia bihar. Itaiaren esanetan, "egunetik egunera emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", jarri dituzte adibidetzat Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Horrez gainera, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu dute.

Greba, jai egunarekin bat

Biharko egindako mobilizazio deiarekin herriz herri hainbat eragilek eta enpresetako langile ordezkarik edota enpresa batzordek egin dute bat. Azkoitian, ordea, jai eguna da azaroaren 30a, San Andres eguna, eta beraz, grebak ez-ohiko eragina izango du herrian, bestela ere itxita egoten direlako herriko ikastetxeak, lantegiak zein udal zerbitzuak.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide