Eskolako Agenda 2030 programa berria garatzen ari dira

Ane Olaizola 2023ko aza. 28a, 10:42
Eskolen arteko azken foroan bildu ziren ikasleak. (Azkoitiko Udala)

Ikastetxeak "energia eskuragarria eta ez kutsatzailea" ari dira lantzen, eta LHkoek adostu dute Gabonetako argiteriaren inguruko inkesta bat egingo dietela herritarrei zein merkatariei.

Aurtengo Eskolako Agenda 2030 programa abian da ikastetxeetan, eta iazko ikasturtean aukeratu zuten gaia garatzen jarraitzen dute ikasleek. Hain zuzen, "energia eskuragarria eta ez kutsatzailea" izan zen ikastetxeek joan den ikasturtean lantzeko aukeratu zuten gaia, eta herriko diagnostikoa egiteaz gain, hainbat ekintza lehenetsi zituzten, hala nola Gabonetako argiteriaren azterketa egitea eta energia berriztagarrien inguruko informazioa herritarren artean zabaltzea. "Teoriatik praktikara" salto eginez, ekintza horien esku hartze plana jarriko dute orain martxan, udalak jakinarazi duenez.

Gabonetako argiteriaren lanketa Lehen Hezkuntzako ikasleek ari dira egiten, eta energia berriztagarrien inguruko gaia, berriz, Bigarren Hezkuntzakoek. Udalaren arabera, ikastetxean informazioa bildu eta proposamenak landu ondoren, hilaren 16ko eskolen arteko foroan ideiak bateratu zituzten LHkoek. Hain zuzen, herritarrei zein dendariei inkestak egitea erabaki zuten orduan. Ondoren, erabakiren bat hartzen dutenenean, alkatearekin bilduko dira. Hurrengo foroa urtarrilaren 14an egingo dute, eta gaztetxoekin eginda bezala, Bigarren Hezkuntzakoek ikasturte honetan garatzen ari diren ekintzak batuko dituzte bertan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide