Zaintza eredua jorratuko du Azkoitiko Udalbatzak biharko osoko bilkuran

Ane Olaizola 2023ko aza. 27a, 09:54

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako bi mozio jorratuko dituzte bihar: "euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario" baten aldekoarena bata, eta Euskararen Egunekoa, bestea.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorraren atarian, zaintza eredua izango du eztabaidagai Azkoitiko Udalbatzak bihar, azaroko osoko bilkuran. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako "euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario" baten aldeko mozioa jorratuko dute udalbatzarrean. Bi taldeek batera aurkeztu duten beste adierazpen bat ere onartzekotan dira bihar; Euskararen Egunekoa, hain zuzen ere. Horrez gain, PSE-EEk babesleku klimatikoak sortzeko eta udalerriko espazio publikoak birnaturalizatzeko beste mozio bat aurkeztuko du.

Era berean, Azkoitiko Udal Larrialdietarako Plana zuzentzeko asmoa du Udal Gobernuak. Ohiko bilkura izanik, galde-erreguetarako tartea ere izango da.

Udalbatzarrak asteazkenetan egiten badituzte ere, azarokoa asteartez egingo dute, hurrengo eguna San Andres bezpera delako. 18:00etan hasiko da bilkura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide