Azokak, erakustaldia, musika eta dantza, San Andres aurreko igande goizerako

Unax LarraƱaga 2023ko aza. 26a, 14:38

Plazan eta Kontzejupean izan da gaur goizean zer ikusi eta zer erosi, eta Bizkargiko dantzariek, trikitilariek eta Txalkor taldeko txistulariek girotu dute gau luzearen osteko festa giroa alde zaharrean.

Helduen danborradaren eta gau luzearen osteko ajeari aurre eginez, San Andres aurreko festak jarraipena izan du gaur goizean eta eguerdian Azkoitian. Gutxika joan dira betetzen kaleak, eta plazan egon da zer ikusia eta zer erosia goizetik.

Herriko eta inguruetako zenbait baserritarrek etxeko produkturik onenak atera dituzte sanandresetako azokarako: barazkiak, lekaleak, ogia, sagardoa... aukeran izan dituzte herritarrek, eta erosketak egiteko baliatu dute aukera batek baino gehiagok. Bestalde, Garapenean Bidelagun azoka solidarioan parte hartu duten elkarteen postuak zituzten alboan. Kontzejupean, berriz, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ia ehun emakume elkartu dira bolillo-lanean aritzeko; materiala saltzeko postuak ere jarri dituzte plazan.

Eguerdian, plazako ekintzei musika eta dantza gehitu zaizkie alde zaharreko kaleetan. Gaztaneneatik abiatuta, kalejiran eta han eta hemen erakustaldiak eginez ibili dira Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariak, trikitilariak eta txistulariak, Txalkor taldeko txistulariekin batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide