Azkoitiko danborradaren 75. urteurreneko dokumentalaren estreinaldia eta ekitaldia, festari ekiteko

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 25a, 09:46

Azkoitiko danborradaren historia kontatzen duen dokumentalaren estreinaldia izan zen atzo arratsaldean Baztartxon, Tata elkarteak antolatuta. Azkoitiko zein Elgoibarko danborradako kideek parte hartu zuten jaialdi berezian, eta danbor zein barrika doinuz bete zuten aretoa. Ekitaldia osorik ikusgai jarriko du UKTk, Maxixatzenen eta Erlo Telebistan. 

Festa giroa nabaria da Azkoitian, eta ez da gutxiagorako. Atzo, ostiralez, ekitaldi berezia hartu zuen Baztartxo antzokiak; izan ere, Azkoitiko danborradaren 75. urteurrenaren harira Azkoitiko Udalak eta Tata elkarteak egindako dokumentalaren estreinaldia izan zen. Danborradaren historia kontatzen du ikus-entzunezkoak, eta bertan hitza hartzen dute Azkoitiko danborradaren hastapenak ezagutzen dituzten herritarrek, antolatzaileek nahiz urte luzez danborradaren parte izan direnek. Askotariko pasadizoak kontatzen ditu dokumentalak, eta amaieran etorkizunera begira jartzen da. Ikus-entzunezkoak argi uzten du: azkoitiarrek bizirik ikusten dute danborrada. 

Dena den, atzokoan ez zen ikus-entzunekoa soilik izan protagonista. Danbor hotsez bete zuten Baztartxo Azkoitiko eta Elgoibarko danborradek. Bi herrietako danbor-joleek hainbat pieza eskaini zituzten emanaldian zehar. Aurrena, Azkoitiko taldeetako ordezkariak igo ziren oholtzara. Ondoren, dokumentala eskaini zuten; jarraian, Elgoibarko ordezkariek hiru pieza jo zituzten, eta ekitaldia borobiltzeko Azkoitia obra jo zuten bi taldeek. 

Ekitaldia osorik ikusgai izango da datozen ordu eta egunetan Erlo Telebistan eta Maxixatzen.eus-en. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide