Bizi beharrean, beharrean bizi

Aitor Arruti 2023ko abe. 9a, 14:30

Aitor Arrutik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Bizi beharrean, beharrean bizi'.

Mundua esplikatzeko hitzak ematea, horixe eskatzen diogu hizkuntzari. Bizi duguna ulertzeko, bizi gaituzten emozioak adierazteko, ondokoaren nahiak aditzeko, inguruan gertatzen dena azaltzeko, iraganaz ez ahazteko, etorkizuna irudikatzeko, bizimodua edertzeko eta askoz gehiagotarako balioko digun mintzaira behar dugu hiztunok. Beste hainbeste eskatu izan diogu euskaldunok egunez egun euskarari, baldinbaitere, Lizardi poetak ez ezik gainerako guztiok.

Halako kontuak ibili nituen gogoan Xabier Mendiguren Bereziartu hil berritan. Gogoratu nintzen ume-umetatik hizkuntza bati estu lotutako jendea izan dudala inguruan, etxekoak, bateko eta besteko senitartekoak, gurasoen adiskideak, andereño Karmele Urrestillako ikastolan Haur Hezkuntzako lehenengo pausoetan, ezin konta ahala irakasle eta ikaskide Loiolako ikastolan gero. Arrisku gordinei aurre eginez bide hura urratu zuten gurasoak ezagutu nituen, seme-alabak han sartuta nora iritsiko ziren jakin ezin zutenak. Euskara mahai bat baldin balitz, tente irauteko ikastolaren hanka nahikoa izango zuela sinesten zuten guraso haietako gehienek, hezkuntza izango zela herriaren geroa euskaraz taxutzeko zutabe behinena.

Xabier Mendigurenek, Joserra Etxebarriak eta bestek idatzitako Saioka ikasliburuak erabili genituen ikastolan, gizonemakume ekintzaile haien ahaleginak argitu zizkigun eskola munduko zokorik ilunenak ere. Orduan ikasi genuen euskarak edozer lantzeko balio zuela, ezina ekinez eginez, lehen aldiz jende hark idatzitako hitzak irakurriz. Orduko Espainiako presidente Adolfo Suarezek esan omen zuen euskarak ez zuela balio Kimika Nuklearra lantzeko. Joserra Etxebarria fisikariak erantzun zion, horretarako bi gauza behar zirela argudiatuz: Kimika Nuklearra jakitea eta euskara jakitea.

Ikastolako ibilbidea bukatu genuenerako, konturatu ginen euskararen mahaiak ez zuela tente iraungo hanka bakarrarekin; lan-mundua, aisialdia eta beste hainbat hanka erantsi beharko genizkion. Eginkizun zail bat gainditu denean, zailagoari ekinez ikasten da ondoen, edonork daki hori, are hobeto euskaldunok, beti beharrean bizi garenok. Erasoak bata bestearen ondoren jasoko ditugu, betiko isilarazi nahi gaituztenak dauzkagu inguruan, gu baino indartsuagoak.

Alabaina, euskaraz bizitzen asmatu izan dugu oraindaino, orobat asmatuko dugu gaurgero, bistakoa da euskaldunon geneak hilezkorrak direla, nola bestela gu euskaraz mintzo oraindik, eta bai, jarraituko du euskarak mundua esplikatzeko hitzak ematen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide