'Rara avis'

Maite Lopez 2023ko abe. 22a, 09:00

Maite Lopezek azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Rara avis'.

Zeinen zaila behar duen izan rara avis bat izatea, bitxia alegia, diferentea. Zeinen nekeza behar duen izan aldiro azalpen lehorrak ematen aritzea, pitorik axola ez zaizun jendeari batez ere, edo, bestela esanda, bost axola diozun jendeari.

Demagun, orduak dirutan neurtzen ditugun gizarte honetan, gazte batek hildako hizkuntzak ikasi nahi dituela erabakitzen duela, edo adimena artifizialtzen ari zaigun sasoi honetan, filosofia; zertarako eta alferrikako hitz gakoak eta erantzunik unibertsalenak bihurtu diren aro honetan. Jartzen al da inor gaztearen larruan joeraren kontrako bere erabakia adierazi behar duen unean? Arrastorik ez, baina zaila izan behar du gero, batik bat jende normalaren erantzunak aldez aurretik gutxienez susmatu eta seguruenik jakin badakizkien izaera bereziko pertsonarentzat.

Zeinen latza behar zuen izan duela bi mila eta zazpiehun urte, poeta hitza bera maskulinoa zen hizkuntzan eta garaian, poeta guztiak gizonezkoak zirenean eta poesia epikan ardazten zenean, emakumea eta poeta izatea eta desirak gudu-zelaia ordezkatzea. Amodioari buruz abestea ez baita inoiz hutsalkeria izan, ez lehen ez orain. Zeinen zaila behar duen izan, kasurako, mutila izan eta futbola atsegin ez zaizula esatea; areago, nerabezaro betean artea edo dantza klasikoa gustatzen zaizkizula jendaurrean ahoskatzea.

Zer pentsatuko ote du rara avis batek bere burua normaltzat duen jendeaz?

Hortaz, orain, dagoeneko hitz egiten ez den hizkuntza batetik bertso-lerro batzuk euskaratzen ari naizen une honetan, neure buruari galdegiten diot zertarako balio duen gure denbora diruagatik saltzeak benetan egin nahi duguna egiteko denbora kentzen badigu. Zertarako asmatu tramankulu sofistikatuak ongia egiteko erabiltzen ez badira. Ez al den alferrikakoa zorrak kitatzeko baino balio ez duen zenbaki birtuala, hilean aurrera gorritzen dena.

Eta, bestalde, zer pentsatuko ote du rara avis batek bere burua normaltzat duen jendeaz? Ba ote bitxirik bitxiarentzat? Zer sentituko genuke, esaterako, gau batean gizaki oheratu eta intsektu esnatuko bagina? Ez da ederra izango Kafkaren Metamorfosia liburuko protagonistaren itxuraldaketa bizitzea, batez ere bere senideek arbuiatzen dutenean, desberdintasuna ulertzeko ezintasunagatik, itxuraldaketa onartzeko ezgaitasunagatik. Nortasuna zertasun bihurtzen dugu sarri, nor garen azaldu beharrean, zer egiten dugun adierazterakoan adibidez. Eta zer hori askotan zenbat gisa itzultzen eta ulertzen dugu.

Bitxia izatea, ordea, munduko gauzarik normalena da, bitxientzat batez ere. Asma dezakegu akaso goserik, beharrik eta zoritxarrik gabeko mundu perfektu bat, non denok pozik bizi garen eta bakoitzak bere lekua topatzen duen. Asma dezakegu gizarte perfektu bat, Aldous Huxleyk Bai mundu berria eleberrian egin zuen gisara (Txalapartak argitaratua eta Xabier Amurizak euskaratua), baina behartzeak zoriontasuna kamusten du maiz. Derrigorrez pozik bizi behar izateak alegia, emoziorik gabeko bizitza bakun baterantz zuzenduko gintuzke, eta ez dut uste halakorik jasateko prest daudenik rarae aves edo hegazti arraro horiek, aukerak ebastea txoriari hegoak ebakitzearen pareko baita, eta nik txoria dut maite.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide