Aritz Aranbarri: "Realari asko zor diot; futbolari eta pertsona gisa han hazi naiz"

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 8a, 15:30

Aritz Aranbarri futbolaria. (Utzitakoa)

Hamahiru urtez Realean ibili eta gero, lehen aldiz etxetik kanpo dabil Aritz Aranbarri futbolari azkoitiarra; bi urterako kontratua sinatu du Madrilgo Leganes taldearekin. Realean egindako urteez, Espainiako hiriburuan bizitzen ari den esperientziaz eta etorkizunerako dituen asmoez jardun du. Azaroko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Kimuen mailan –12 urterekin– Anaitasunan jokatzen hasi, eta berehala jaso zuen Realaren deia Aritz Aranbarrik (Azkoitia, 1998). Hamahiru urte egin ditu Realean, eta klubak lehiatzen duen kategoria guztiak probatzeko aukera izan du, behe-behetik hasi eta lehen talderaino. Iragan denboraldiaren amaieran, ordea, etapa bati bukaera eta beste bati hasiera ematea egokitu zitzaion azkoitiarrari, eta aurten, lehen aldiz, etxetik kanpo dabil. Madrilgo Leganes taldearekin bi urteko kontratua sinatuta, Espainiako hiriburuan bizi da orain. Aitortu du hara joateak "nahikoa erreparo" ematen ziola, "hizkuntzagatik batez ere", baina beldur guztiak gaindituta, "oso gustura" dabil. Realean egindako urteez, orain bizitzen ari den esperientziaz eta hemendik aurrerako asmoez hitz egin du Maxixatzenekin.

Futbolagatik etxetik kanpo zabiltzan lehen aldia duzu. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Egia esan, etxetik irteteak beldur pixka bat ematen zidan. Hamahiru urtez Realean ibili naiz, eta etxe jiran bizitzera ohituta negoen: goizean entrenatzera joan, arratsaldean lagunekin kafea hartzera irten... Bizitza guztia herrian bertan egiten nuen, eta dena euskaraz. Orain, berriz, telefonoz bakarrik egiten dut euskaraz. Hala ere, espero nuena baino askoz hobeto egokitu naiz. Taldean oso jende ona daukagu, aldagela oso jatorra, eta alde horretatik, oso gustura nago; lehenengo egunetik oso ondo hartu naute. Bakoitza bere etxean bizi gara, baina taldekide bat baino gehiago gaude bakarrik, eta arratsaldeetaneta elkarrekin egiten ditugu planak.

Taldekoekin kuadrilla berria egin duzu, hortaz.

Hala da, bai. Zorionez, oso harreman ona daukagu taldekideon artean, eta horrela, askoz eramangarriagoa da dena. Hasiera-hasieratik oso esperientzia ona izaten ari da; oso eroso sentiarazi naute beti.

Nolakoa da zure ohiko egun bat Madrilen?

Goizez entrenatzen dugu, eta Butarqueko azpiegituretara iritsi eta lehenengo gauza pisatzea izaten da. Horrela fitxatzen dugu, gure pisua tabletean sartuta. Gero, gosaldu egiten dugu, han bertan. Jarraian, bakoitza bere ariketak egiten hasten da, taldeko fisioterapeutarengana joaten da, edo entrenamendu aurretik behar duena egiten du; eta ondoren, entrenamendua egiten dugu. Behin, eguneroko saioa bukatuta, berriz ere bakoitzak dagozkion ariketak egiteko aukera izaten du, edo fisioterapeutarengana joatekoa, edo behar duena. Eta bukatzeko, bazkaldu egiten dugu; hori ere Butarquen bertan. Arratsaldea, berriz, libre izaten dugu.

Egunerokoa asko aldatu al zaizu iaztik hona?

"Realaren lehen taldearekin jokatzea umetako ametsa betetzea izan zen"

Realean, azken bi urteetan, Zubietan bertan bazkaltzen genuen, baina gosaldu sekula ez. Aurrez, urte askoan, entrenatzera bakarrik joaten ginen. Entrenamendu aurreko eta ondorengo ariketa horiek egiteko denbora izaten genuen han ere, baina han bazkaltzea azkenengo urteetako kontua izan zen.

 

Norbaitek agintzen al dizue zer jan behar duzuen?

Nutrizionista bat badaukagu han, eta galdetzen badiogu, berak aholkatzen digu. Hainbat aukera ematen dizkigu, eta gero, norberak ikusten du zer jan. Hala ere, jendeak taldetik kanpo ere badu nutrizionistarengana joateko joera. Azkenean, jaten dugunak eragina du gure errendimenduan, eta etxera joan eta pizza bat jatea baino askoz hobea da han bertan jatea; izan ere, nahi duguna jan dezakegu, aukeratzeko izaten dugu, baina denak aukera osasungarriak izaten dira.

Anaitasunan hasi zenuen futbol ibilbidea 12 urte zenituenean. Txikitako ametsa al zenuen futbolaria izatea?

Inguruan, anaiak, lehengusuak, denek futbolean jokatzen zuten, asteburuero joaten nintzen anaia ikustera, eta beti izan dut futbolarekin lotura izan duen ingurua. 12 urterekin Anaitasunan hasi, eta Realarekin txapelketa batzuk jokatzeko aukera izan nuen. Adin horretan Realak ez du talderik izaten, baina txapelketa jakin batzuk jokatzeko jokalariak hautatzen ditu, eta aukera hori eman zidaten. Hurrengo urtean, infantil txiki mailan, Realak deitu zidan, eta entrenatzen hasteko proposamen egin. Astean hirutan Zubietara entrenatzera joaten hasi nintzen, baina oso gaizki pasatzen nuen, eta utzi eta Anaitasunara bueltatzea erabaki nuen. Hurrengo urtean herrian hasi nintzen, lagunartean, oso gustura, baina Gabonetarako Realak deitu zidan berriz ere, entrenatzen hasteko aukera eman zidan, eta berriz hasi nintzen. 13 urte nituen orduan, eta 25 urtera arte han jardun naiz.

Bigarren aldi horretan hobeto sentitu al zinen?

Bai, askoz hobeto, gustura hasi nintzen, eta, harrezkero, beti ibili izan naiz oso pozik.

Zer dela-eta pasatzen zenuen horren gaizki lehen aldi hartan?

"Orain arte, dena euskaraz egiten nuen; orain, telefonoz bakarrik egiten dut euskaraz"

Ez dakit; 12 urte nituen, hara joaten nintzen, askok gaztelaniaz hitz egiten zuten; nik, berriz, Azkoitian, 20 urterekin ere ez nuen inorekin gaztelaniaz hitz egiten. Egunero hara joatea beste mundu batera joatea bezalakoa zen niretzat; gero entrenatzen-eta gustura ibiltzen nintzen, baina gainontzean ez nintzen eroso sentitzen eta uztea erabaki nuen. Gainera, lagunak ikusten nituen Anaitasunan nola zebiltzan denak batera eta... Egia da urtebetera berriz bueltatu nintzela Realera eta gero egin ditudan hamahiru urteetan oso eroso sentitu naizela, baina ez dakit bada, ez zen nire momentua izango edo... Zer izan da Reala zuretzat? Hasi behe-beheko mailatik eta goraino, kategoria guztiak Realean egin ditut, eta asko zor diot Realari. Futbolari bezala ez ezik, pertsona gisa ere han hazi naiz.

Joan den denboraldiaren amaieran jakin zenuen ez zenuela Realean jarraitzerik izango. Kolpea hartu al zenuen?

Urte asko egin ditut Realean, eta denborarekin, futbolak eta Realak nola funtzionatzen duten ikusten eta ikasten joan naiz. Ikusten nuen nire etaparen bukaera bazetorrela, denboraldiaren hasieratik nahiko garbi neukan Realean egiten nuen azken urtea izango zela, eta neuk ere baneukan aldatzeko gogoa. Horrenbeste urtean egunero Zubietara joanez, hango fisioterapeutekin-eta sekulako harremanak egiten dira, eta egia da fisioterapeutak esaten zidanean bukaera geraturatzen ari zela, neuk batzuetan erantzuten niola ez nuela horren garbi ikusten, ez nuela horren gertu ikusten bukaera, baina jakin banekien bazetorrela. Alcorconen (Espainia) jokatu genuen joan den denboraldiko azken partida, eta oraindik ere ondo gogoan ditut partida bukatu osteko uneak, baita aldageletan zer kantatzen jardun ginen ere. Banekien Realean egingo nituen azken minutuak horiek izango zirela eta barru-barruan iltzatuta ditut momentu horiek, une oso berezitzat gordeta. Aurten, Leganesekin, ligako bigarren jardunaldia futbol zelai berean jokatu genuen, irabazi egin genuen, eta oso ederra izan zen, asko gustatu zitzaidan berriz hara itzultzea.

Azken urteak Realaren bigarren taldearekin egin dituzu, baina lehen taldearekin ere jokatutakoa zara.

Vigon (Galizia), Celtaren kontra, ordu erdi batez jokatzeko aukera izan nuen ligan, eta joan den urtean Europan, hiru bat partidatan aritzeko aukera ere izan nuen. Momentuan bertan agian ez zara jabetzen, baina orain, atzera begira jarrita, balio handia ematen diet minutu haiei; Realaren lehen taldearekin jokatzea umetako ametsa betetzea izan zen, urte askoan egindako lanaren emaitza.

Leganesek deitu zizunean, zalantzarik egin al zenuen?

Realeko ibilbidea bukatu arren, garbi neukan futbolean jokatzen jarraitu nahi nuela, eta Leganesek deitu zidanean, segituen eman nuen baiezkoa. Egun batetik bestera Madrilera joan nintzen, sinatu, azterketa medikua egin eta taldearekin hasi nintzen.

Zenbat denboralditarako kontratua daukazu Leganesekin?

Momentuz, bi urterakoa daukat sinatuta, 2025era arte.

Aurrera begira jarrita, zer? Non ikusten duzu zeure burua hemendik hamar urtera?

Momentuz, ahal dudan bitartean behintzat, futbolean segitzeko asmoa daukat, baina hasita nago gerokoarekin ere pentsatzen. Bere garaian, Irakasle ikasketak egiten eta IVEFeko gradua ateratzen hasi nintzen Donostian, bi urte egin nituen, baina goizetan entrenatzen hasi ginenean ezin izan nuen ikasketekin jarraitu, eta orain berriz heldu diet ikasketei; online ari naiz Irakasletza ikasten. Beraz, nire asmoa da, oraingo ibilbidea bukatzen zaidanean, irakasle hastea. Futbol ibilbidea intentsoa baina motza izan ohi da, eta garrantzitsua da beste zerbait izatea.

Futbolak eman dizun momenturik onena aukeratu beharko bazenu?

"Psikologo baten laguntza denoi datorkigu ondo, izan kirolaria ala ez"

Bi une ditut gogoan, oso bereziak: bata, Vigon Realaren lehen taldearekin debutatu nuenekoa; eta bestea, Extremaduran, Almendralejon (Espainia), Realaren bigarren taldearekin bigarren mailara igotzea lortu genuenekoa.

Eta ahazteko moduko unerik?

Bigarren mailan aritu ginen urtean pubalgiagatik izorratuta pasatu nuen urte guztia, baina horrelaxe egokitu zen eta kito. Dena dela, ez nuke esango ahazteko moduko urtea izan zenik, horri esker ere asko ikasi bainuen; orain naizena horri esker ere banaiz.

Une zail horietan, eta horren zailak ez direnetan ere, garrantzitsua izango da alde psikologikoa lantzea. Futbolean zenbateko garrantzia ematen zaio buru osasunari?

Geroz eta handiagoa. Geroz eta jende gehiagok egiten du lan horretan, eta geroz eta kirolari gehiagok dugu geure coach edo psikologoa, edo behintzat gertatzen zaigun guztia liseritzen eta gauzak bere tokian jartzen laguntzen digun norbait. Madrilen nagoenetik gutxiago, baina Donostian joaten nintzen coach batengana; asko laguntzen zidan eta oso ondo etortzen zitzaidan. Adibidez, umetan izan nuen segurtasun falta hura ulertzeko-eta asko balio izan dit. Poztekoa da gauza horiek geroz eta normalizatuagoak egotea gizartean ere, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko. Azkenean, norbaiten laguntza denoi datorkigu ondo, izan kirolaria ala ez.

(Argazkiak: Utzitakoak).

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide