Urruneko etxean behargin

Ane Olaizola eta Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 19a, 09:23

Edurne Marzana, neskame lanetan. (Utzitakoa)

Aberatsak ziren lehen zaintzarako eta etxeko lanetarako barne langileak izaten zituztenak. Orain, zaintza behar duten etxeko adinekoei laguntzeko langile familiek ere jotzen dute horietara. Beharrak eta langileen jatorriak aldatu dira, berez gogorrak diren baldintzetan ere izan dira gorabeherak, baina emakumeak jarraitzen du barne langile izaten. Azaroko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

Umeak zaintzeko zein etxeko lanak egiteko neskame lanetan aritu ziren asko joan zen mendean, izan herriko beste etxeren batean edo inguruko hainbat hiritan. Bazen oso gazte zirela maleta hartu eta beste familia bat zerbitzatzeko atzerrira joan zenik ere. Horretan aritu zirenek diote lanbide lotua zela; lan asko eta denbora libre gutxikoa. Neskameen baldintzak aldatzen joan dira garaiaren arabera, eta koiuntura ere bestelakoa da: adinekoak zaintzen dituzte gaurko barne langileek. Egun, migratzaileak dira horiek, baina batik bat, emakumeak jarraitzen du zaintzailea izaten.

Inmaculada Azpitarte (Azkoitia, 1941) duela 65 urte aritu zen neskame lanetan, eta memorian ondo gordea ditu orduko bizipen guztiak. 18 urte zituela, Martirietako Agarre Zahar jaiotetxea utzi zuen hark Caracastik Euskal Herrira itzuli berri zen familia dirudun baten etxean lan egiten hasteko. Orduko beste neskame askok bezala, Azpitartek ere Donostian jardun zuen lanean, sendi hark Kontxan zuen etxebizitza batean. "Senar-emazteak eta beraien zortzi seme-alabak bizi ziren etxean, eta emaztearen ahizpa ere haiekin bizi zen, bi seme-alabekin, baita bi andreen aita ere". Haiei guztiei zerbitzua emateko, hiru langile zituen familiak: dontzeila, umezaina eta sukaldaria. Sukalde lanetan aritu zen Azpitarte.

Guztira, hamazazpi lagun bizi ziren etxean, eta egunero, denentzat otorduak prestatzea zegokion Azpitarteri: "07:00etako mezara joaten ginen, eta handik itzulita, umeei gosaria prestatzen nien. Nagusiak, berriz, 09:00-10:00k aldera jaikitzen ziren, eta haiei ere gosaria jartzen nien gero: kafesnea, tostadak, etxean egindako marmelada... Bazkaria ere bi ordutan ematen genuen: bata umeen ordutegian, eta bestea, nagusienean". Langile bakoitzak bere ardurak ondo zaindu behar zituen: "Mirabearen lana zen etxea garbitu eta jasotzea, arropak garbitzea, nagusiei zerbitzatzea... Nik jana prestatzen nuen eta mirabeak eramaten zien, uniformea jantzita, kofia zein eskularru zuri eta guzti".

Inmaculada Azpitarte.

Horrenbeste pertsona izanda etxean, langileek eguna lanpetuta igarotzen zuten: "Guztiak ere jatun onak ziren, eta gainera, gonbidatuak izaten zituzten arratsalde askotan. Halakoetan, zenbat opila eta bizkotxo egin behar izaten genituen... Normalean, Bretxako azokan egiten genituen erosketak, baina behin Errezileraino joan ginen, nagusiek hango sagarrak jan nahi zituztela eta. Garaia zenean ere, eltze osoak betetzen genituen albertxikoz, marmelada egiteko". Lan asko egiten zuten beharginek, eta nagusiek "diziplina handia" eskatzen zieten. Dena den, haiei beldurrik ez zietela azaldu du azkoitiarrak: "Onak ziren gurekin. Zerbait gaizki eginda ere, haserrerik ez genuen jaso". Hiru langileek elkar laguntzen zutela azpimarratu du Azpitartek. Langileek etxeko gainontzeko kideen otordu berberak jaten zituzten, baina aparte. Hain zuzen, etxebizitzan bereizitako departamentu bat zuten beraiek bizitzeko: "Langileok bainugela bat genuen, dutxa, komun eta harraska txiki batekin. Dontzeilak eta nik logela berean egiten genuen lo, eta umezainak, berriz, haur txikienarekin".

Azpitarte: "Hamabostean behin, hiru ordu izaten genituen libre"

Trukean, hilean 1.000 pezeta (sei euro) jasotzen zituen Azpitartek, eta hamabostean behin hiru ordu izaten zituen libre. "Hiru neskak txandak egiten genituen librantzak egiteko. Nik arratsaldea banuen jai, besteetako batek aurreratzen zuen afaria. Umezainak jai zuenean, berriz, ni egiten nintzen haurren kargu". Azpitartek gogoan du arratsaldea libre izaten zuenean senargaia joaten zitzaiola motoan bisitan, eta Alde Zaharrean buelta bat egiten zutela, 20:00etarako etxera itzuli aurretik. "Orduan, dena horrela zen. Hala behar zuela izan esaten ziguten".

Urtean behin edo bitan bisitatzen zuen baserria Azpitartek, eta biharamunean itzultzen zen autobusez Donostiara. Gabonak ere lanean igarotzen zituztela adierazi du: "Bakoitzak bere lekuan afaldu eta lan guztiak amaitzen genituenean, guztiok elkarrekin egoten ginen egongelan, turroia jan eta musika entzuten". Hain zuzen, neskame izan zen lau urteetan, oporrak behin izan zituela azaldu du hark, eta orduan, Donostiako etxeko bi txikienak eraman zituela baserrira, atsedenerako astea berarekin igarotzera.

Ezkontzerako utzi zuen lana Azpitartek, eta gogoan du ezkontzara ere Donostiako familia hark lagundu ziola.

15 urterekin atzerrira

Edurne Marzanak (Elorrio, Bizkaia, 1957), berriz, 70eko hamarkadan jardun zuen neskame moduan lanean. 15 urterekin atzerrira joan zen, umeak zaintzera, espero gabean. "Elorrioko ikastetxea itxi egin zuten, eta Durangon hasi behar nuen ikasten. Nik ikasteko gogo handirik ez, eta Saloun (Katalunia) neskame lanetan zebilen lehengusu batek animatu ninduen hara joateko, han bizi zen Algortako (Bizkaia) familia bat langile baten bila zebilela eta". Haren babesarekin joan zen Marzana Kataluniara, Bilbon trena hartuta, bakarrik: "Etxean esan zidaten neuk pentsatzeko zer egin, eta ni abenturara joan nintzen. Hura izan zen egiten nuen lehen irteera. Urduri nengoen bidaia bakarrik egin behar nuelako, baina ez zen trauma bat izan".

Azkoitiko bizilagunak lau urte igaro zituen familia hartako hiru-seme alabak zaintzen, sendi harekin bizi izan zen bitartean. Senarra kimikaria zen eta emaztea etxeko andrea, eta gizonaren lan kontuengatik, aldiro bizitokiz aldatzen ziren. Astelehenetik igandera egiten zuen lan hark ere, batez ere hiru seme alaben premiak asetzen: haien logelak eta arropak txukundu, umeak eskolara eraman, handik jaso, kalean zaindu, oheratu...

Marzana: "Lanean asegurua nuen, eta garai hartan, neskame gutxik zuten hori"

"Umezain aritzen ginen bost euskaldun geunden han, lehengusua barne. Umeak hartu eta elkarrekin ateratzen ginen kalera. Egia esan, jende asko ezagutu nuen han, eta zoragarri egon ginen". Salouko oroitzapen ona du Marzanak, baina, era berean, lanbidea "oso lotua" zela dio: "Horixe zen txarrena. Soilik ostegun eta igande arratsaldeetan libratzen genuen, eta 22:00etarako etxean egon behar izaten genuen".

Marzanak ere ondo gogoan du jasotzen zuen ordainsaria: 9.000 pezeta (54 euro). "Pentsatu nola aldatu diren gauzak. Baina asegurua ere banuen, eta garai hartan, neskame gutxik zuten hori". Azkoitiko bizilagunak azpimarratu du "familia oso jatorra" zela berea, eta elkarrekin zuten harremana ere abegikorra zela gaineratu du: "Ez ninduten baztertzen neskamea nintzelako. Elkarrekin egoten ginen: otorduak batera egiten genituen, eta gauetan, umeak lotaratu ondoren, senar-emazteak eta hirurok batera egoten ginen egongelan. Bat gehiago nintzen etxean". Zentzu horretan, zorionekoa sentitzen da Marzana, garai hartan "okerrago" lan egiten zuten neskame batzuk ezagutzen zituelako: "Esaterako, etxerako sarbide propioa zuten ezagutzen nituen neskame batzuek. Atetik zuzenean sukaldera sartzen ziren haiek, eta ondoan logela izaten zuten. Otorduak ere familiarengandik bereizita egin behar izaten zituzten, eta etxeko lan guztiak ere beraien kargu zeuden. Horrez gain, uniformea eraman behar izaten zuten. Nire kasua hori izan balitz, bestelako oroitzapen bat edukiko nukeen".

Edurne Marzana.

Familiako umeak zaintzen aritu zen bitartean, Algortan zein Castron (Espainia) ere egon zen bizitzen Azkoitiko bizilaguna, eta tartean Elorrioko etxera bisitak egiten zituen hark. Hilabete batzuen ondoren, ordea, Milanera (Italia) lekualdatu zen familia, eta bestelakoa izan zen hango egonaldia, hangoa hizkuntza ezezaguna izanik, "kosta" egin baitzitzaion egokitzea. "Gogorra egin zitzaidan Milango egonaldia, baina leku eder askoak ezagutzeko aukera ere izan nuen familiarekin". 17 urte zituen Milanera joan zenean, eta urtebete igaro zuen han. Garai horretan ere, astean bi arratsalde edukitzen zituen libre, eta batzuetan, han egindako lagunekin ateratzen zen kalera, baina iluntzen zuenean, ordurako etxera itzuli behar. "Batzuetan, diskotekara joaten ginen, baina 22:00etarako atera egin behar izaten genuen handik. Gaur egun ez dago halako loturarik, baina nik neuk egoera normal eramaten nuen". Osteguna "neskameen eguna" izaten zela ere gogoratzen du hark; "zentzu horretan bai, bereizita geunden". 18 urterekin utzi zion Marzanak umezain izateari, Azkoitiko supermerkatu batean lan egiten hasteko eskaintza jaso zuenean. Familia hura, berriz, Italian geratu zen, baina gero AEBetara lekualdatu zen: "Haiekin jarraitu izan banu, ez dut uste haraino joango nintzatekeenik".

Migratuen beharra

"Lasai eta duin bizitzeko adina baliabide dituenak nekez utziko du bere herria atzerrira joateko", dio Carmen Hurtadok (Totogalpa, Nikaragua, 1971). 2010ean utzi zuen Hurtadok bere sorterria Europara etortzeko, Nikaraguako "egoera ekonomiko konplikatuak" han bizibidea egitea "gero eta zailago" bihurtuta. Bartzelonan lehengusu bat bizi du, eta hara joan zen hasieran. "Beste herrialde batera eta etxetik milaka kilometrora joatea beti da zaila, toki, jende eta ohitura berrietara ohitzeko denbora behar da", dio Hurtadok. Aldaketa handi horregatik, herri batetik hiri handi batera joateagatik... "Bartzelonara ez nintzen egin, ez nuen nire tokia aurkitu", azaldu du nikaraguarrak. Esperientzia berrira nahi bezala ezin egokituta Nikaraguara itzultzear zela, Azkoitian bizi zuen lagun batek animatu zuen Euskal Herrira etortzera. "Hau inguru lasaia zela kontatu zidan, herri bat baserri askorekin, gure herriaren antzeko neurrikoa (hamabost mila inguru biztanle ditu Totogalpak). Probatzea erabaki nuen, eta ikusi nuen horrela zela. Hemen erosoago sentitu nintzen, Bartzelonara ez bezala egokitu nintzen".

2011n iritsi zen Hurtado Azkoitira, eta bertan jarraitzen du, lanean. Nikaraguatik migratutako beste hainbat emakumek bezala, adinekoen zaintzan egiten du lan Hurtadok. Izan ere, Azpitarte edo Marzana familietan barneko langile edo interna aritu zirenean ez bezala, gaur egun ez da umezaintza langile horietako gehienen jarduna. Euskal Herriko gizartea zahartzen ari da, bizi itxaropenak gora egin du azken hamarkadetan, gero eta urte gehiago harrapatzen dituzte herritarrek; eta gero eta gehiago dira, halaber, mendekotasunen bat duten eta zaintza behar duten pertsonak. Zaintzaileen artean gehiengo nabarmena emakumeak dira gaur egun ere, faktore hori ez da aldatu. Zaintzaileen jatorrian bai egon direla aldaketak. Asko dira bertan sortutakoak ere, baina nabarmen hazi da urte gutxian zaintzan ari diren migratutako emakumeen kopurua, eta barneko langile aritzen direnen artean ia denak, %95, dira migratutakoak. Euskal Herrian bizi diren emakume migratuek osatutako eta horien eskubideen alde lanean diharduen Malen Etxea elkartearen arabera, 2022an 11.000 bat ziren, ofizialki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zaintza lanetan ari ziren emakume migratuak. Multzo horretan paperak dituztenak bakarrik daude, ordea; kopuru horri beste %30 bat gehitu behar zaio Malen Etxekoen arabera, bizileku baimenik ez eta, ondorioz, lan baimenik lortu ezin eta kontraturik gabe, beltzean ari direnena.

Carmen Hurtado.

Egun bere egoera bestelakoa da, baina paperik gabe eta legez erregularizatu gabeko egoeratik igaro behar izan zuen Hurtadok ere. Barneko langile aritu zen Bartzelonako egonaldian, barneko langile hasi zen Azkoitian, eta gaur egun ere horrela jarraitzen du. "Zortea" izan duela dio; izan ere, badaki paperik gabe lanean hasten direnei sarri baldintza eskasak onartzea eta egoera gordinak bizitzea ere tokatzen zaiela. Euskal Herrian zaintza lanak egiten dituzten migratutako beste emakume asko bezala, aurrez inoiz lan horiek egin gabea zen Hurtado Europara etorri zenean; Nikaraguan irakasle aritu zen urte luzez. Maistra izateko ikasketetan unibertsitatean esaten zietena ekarri du gogora: "Irakasleak pailazoak bezalakoak izan behar ginela irakasten ziguten, barrutik gaizki edo artega egon arren, begietan eta ezpainetan irribarrea beti, umeei lasaitasuna eta ikasteko grina transmititzeko". Irakaspen hori zaintza lanerako ere baliagarria izan zaiola dio. "Mendeko pertsona baten ardura duzunean, garrantzitsua da harekin ahalik eta ondoen moldatzea, baina niretzat, garrantzitsuagoa da haren familiarekin ondo konpontzea, elkar ondo ulertzea. Horrek asko errazten du lana".

Gaur egun, barneko langile aritzen diren ia denak, %95, migratutakoak dira

Migrazio Legeak linboan uzten ditu jatorrizko herrialdeetatik kontraturik gabe Espainiara lan bila datozenak; gutxienez lehen hiru urteetan, kontraturik gabe aritzera behartuta daude. Zaintzan ari diren emakumeen kasuan, lege egoera erregularizatu ahala, lanpostuak aukeratzeko erraztasun gehiago ere badituzte; horrela, "orduzkako lanak" eginez, "barne langileek baino gehiago" irabaz dezaketeela dio Hurtadok, eta horrela egiten dute askok. Berak, hala ere, barne langile izaten jarraitzen du.

 

Azkoitira iritsi zenean, Nikaraguatik etorritako emakumeak "gutxi" zirela gogoratzen du Totogalpakoak, baina gaur egun dezentez gehiago dira; "asko", gainera, Hurtado beraren herrikoak edo ingurukoak. Han irabaz ezin dezaketeen dirua irabaz dezakete hemen. Nikaraguan batez besteko soldata 500 euro ingurukoa da; prezioak, aldiz, Hurtadoren arabera, "hemengoen gero eta antzekoagoak dira, harrituta gelditzen naiz joaten naizen bakoitzean, zenbat garestitu den dena".

Hurtado: "Jasotzen dugunaz asko hitz egiten da, baina eman ere egiten dugu

Irabazten duten diruaren zati bat Nikaraguan dituzten senideei laguntzera bideratzea izaten da ohikoena. Horretara datoz, besteak beste. Baina Hurtadok nabarmendu nahi du lan egiten duten tokian ere egiten dutela migratuek ekarpen ekonomikoa eta soziala. "Denetarik egongo da, baina gu lanera gatoz, hemen ordaintzen ditugu alokairuak, geuretzako zein hara bidaltzeko erosten duguna hemen erosten dugu... Jasotzen dugunaz asko hitz egiten da, baina eman ere egiten dugu". Bera eta bere moduan beste asko bakarrik etorri ziren, Europan urte batzutan lan egin eta Nikaraguara itzultzeko asmoarekin. Hori "aldatzen" ari dela uste du Hurtadok: "Azkenaldian gero eta sarriago ikusten ditut Nikaraguatik etorritako familia osoak. Horiek ez dute Nikaraguara itzultzea aurreikusten, bizitza hemen irudikatzen dute".

Datorren urte hasieran unibertsitatean ikasten hasiko den alaba bat du Hurtadok, hark 3 urte zituela etorri zen Europara lanera, eta beste hiru urtetan ezin izan zuen itzuli. "Gogorra izan zen. Eta lehen aldiz etorri nintzenean baino gogorragoa, Nikaraguara lehen aldiz itzuli eta berriro hona bueltatu behar izan nuenekoa". Teknologia berriekin oso eskertuta dago Hurtado, horiei esker errazagoa baitu gaur egun egunero etxekoekin egotea, distantziatik bada ere. Egunean libre dituen orduen zati handiena alabarekin hizketan pasatzen duela dio. Urte amaieran joango da Nikaraguara Hurtado, alabaren institutuko graduazio ekitaldia ez du "inondik inora" galdu nahi.

(Argazkiak: Ane Olaizola eta Mailo Oiarzabal).