Ostiraleko pilota partidarako materiala hautatu dute pilotariek

Andoni Elduaien 2023ko aza. 22a, 16:47

Goizean egin dute ostiraleko pilota partidarako material aukeraketa, Gurea frontoian. Ezkurdia, Tolosa eta Zabaleta pilotariak izan dira herriko pilotalekuan, eta oro har, aurreneko bi pilotariek osatuko duten bikoteak hautatu ditu pilota azkarragoak.

Gaur, asteazkena, ostiraleko lehiarako materiala hautatzen izan dira ASPE enpresako Joseba Ezkurdia, Xabier Tolosa eta Jose Javier Zabaleta pilotariak. Izan ere, etzi, ostirala, hasiko da profesionalen bi-bitako pilota txapelketa, eta azken urteetan bezala, aurten ere Azkoitiko Gurea pilotalekuak hartuko du txapelketaren irekierako partida.

22:15ean hasita, lehen mailako nahiz promozio mailako eskuz binakako partidak ikusi ahal izango dituzte pilotazaleek herriko frontoian. Lehen mailako lehian, Ezkurdia eta Tolosa ariko dira batetik, eta Pello Etxeberria lau eta erdiko txapeldunordea eta Zabaleta bestetik. Ezkurdiak eta Tolosak material "azkarragoa" hautatu dute ostiralerako, baina guztiak gustura atera dira goizeko material hautaketatik. Lehia estua espero da ostiralean Gurean, eta jokoak ebatziko du txapelketako lehen puntua zein bikotek irabaziko duen.

Bestalde, gaur aurkeztu dute promozio mailako txapelketa ere, eta iragarri dute ostiraleko Azkoitiko jaialdian zein bikote arituko diren. Egiguren V.ak eta Eskuzak jokatuko dute batetik, eta bestetik, De la Fuentek eta Bikuñak. Sarrerak Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke; 35 euro balio dute kantxako sarrerek eta 20 euro goiko solairukoek zein errebotekoek. ETB1ek zuzenean emango du Azkoitiko jaialdia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide