Erretratua

Xanti Artetxe: "Aurten, azkeneko aldiz parte hartuko dut danborradan"

Naia Arrizabalaga 2023ko aza. 22a, 17:56

Xanti Artetxe 'Etxeza'-ren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Xanti Artetxe helduen danborradako Ixkitturri taldeko zuzendaria da. Umetan izan zuen lehen hartu-emana danborradarekin, sukaldari eta danbor jotzaile gisa. Helduen danborradan, zuzendari modura parte hartu izan du betidanik. Andremarietan txupinazoa bota zuen Justino Sasietarekin eta Ana Etxanizekin batera.

Xanti Artetxe Etxeza (Azkoitia, 1961) haurra zela hasi zen danborradan parte hartzen, sukaldari moduan, eta gero, danbor jotzaile eta barrika jotzaile aritu zen. 1978an, helduen danborradan parte hartu behar zuenean, Ixkitturri elkarteko zuzendari izateko aukera eman zioten lehen aldiz, eta ordutik, horretan aritu da: "Aurretik ez nintzen inoiz zuzendari gisa aritu, baina aukera eman zidaten, eta horretan nabil geroztik". Garai haietako "oroitzapen onak" ditu azkoitiarrak. Zuzendari izanda, danborra jotzeak inbidiarik ez diola ematen dio Artetxek: "Inbidiarik ez dit ematen, baina azkeneko urtean danborra jotzen aterako nintzela esan izan dut askotan; hala ere, ez dut horrelakorik egingo".

Zuzendari on batek "entzumen ona" zein musikari jarraitzeko gaitasuna izan behar dituela azpimarratu du Artetxek, baina horiek "urteen poderioz" lortzen direla argi dauka. Danborra jotzeko, aldiz, zuzendariari jarraitzea premiazkoa da, bere hitzetan: "Danbor joleak zuzendariari jarraitu behar dio, baina zuzendaria nahasten bada, denak nahastuko dira".

Danborra jotzen, zuzendari izaten zein antolatzen laguntzen aritu izan da azkoitiarra: "Lehen, askotan esaten nuen danborradan karrozan ateratzea soilik falta zitzaidala". Hala ere, antolakuntzaren parte izateari utzi egin zion, eta orain, zuzendari modura aritzen da soilik, entseguetan zein danborrada egunean.

Zuzendariak danborradari asko eman badio ere, oroitzapen onak eta lagun asko eman dizkio danborradak berari: "Jende asko ezagutu dut urte hauetan, eta taldekideok gure artean giro oso ona izan dugu beti, bai danborradan, aurretik zein ondoren ere".

Artetxek ibilbide oparoa egin du danborradan, baina urte askoren ondoren, aurten amaiera emango dio bideari: "Lana utzitakoan danborradari ere utziko niola esan nuen, eta hala egingo dut; ez dago atzera bueltarik". Artetxek hil honetan danborrada agurtuko badu ere, familian jarraipena emango diote ohiturari, haren alaba Iratik jarraituko baitu danborradan parte hartzen.

Artetxe, danborradan Ixkitturri taldea zuzentzen. 

Zailtasunak zailtasun, aurrera

Artetxeren arabera, 1990. urtetik 2000. urtera arte garairik gogorrenetakoak pasa zituen danborradak, "desagertzeko zorian" egon baitzen. Garai hartan, andremarietan egiten zen danborrada, eta orduko zailtasunak gogoan ditu azkoitiarrak: "Jende asko kanpora joaten zen garai horretan, eta danborradan parte har lezakeen jendearen bila ibiltzen ginen herrian". Ondo gogoan ditu garai horiek: "Udalekoek jendea bilatzeko esaten zidaten, eta nik barregarri geratuko ginela erantzuten nien; parte hartzaile gutxi izanagatik, ordea, danborrada egiten genuen".

2001. urtean, sanandresetara pasatu zuten danborrada: "Erantzun ona izan zuen aldaketak, elkarteek zein eskolek parte hartu zuten lehen aldiz". Hori dela eta, taldeen zein jendearen kopurua gora egiten hasi zen, eta geroztik data hori mantendu dute. Aldaketa horrek, ordea, alde txar bat du Artetxerentzat: "Beti eguraldiari begira egon behar izaten dugu. Hotzak ez dit axola izaten, baina euriak danborrada zatartzen du, jantziak ez baitira ikusi ere egiten". Euria egiten duenetan, danborradan ez ateratzekoaren alde egiten badu ere, beti parte hartzen bukatzen dutela aitortu du hark.

Abestien inguruan ere mintzo da zuzendaria: "Errepertoriora sartu ziren azkenen abestiak Azkoitiko ereserkia zein Xoxote martxa dira, eta urte batzuk daramatzagu horiek jotzen. Azken urteetan ez da abesti berririk txertatu". Ildo horretan, abesti berriak jotzen hasteak "lan asko" dakarrela azpimarratu du, jende askok parte hartu behar izaten baitu.

Azken urteetan, danborradak indar handia hartu duela argi dauka azkoitiarrak: "Sekulako festa giroa egoten da, bai plazan, baita egunean zehar ere, eta hori danborradak indarra hartu duenaren adierazle da". Horrez gain, egun danborradak itxura ederragoa duela iruditzen zaio: "Lehen, askoz sinpleagoa zen dena, eta oraingoa, berriz, indartsuagoa eta ederragoa da".

 

Parte hartzaileen kopuruak ere nabarmen egin du gora: "Gaur egun, 500 lagun inguru irteten dira danborra jotzen, eta lehen, 100 ere ez ginen". Taldeen kopurua ere asko igo da: zortzi talde inguru izatetik, hamabi talde izatera pasatu dira, eta aurten ere talde berriren bat sortuko da.

Hori hala izanik, Azkoitian danborradak aurrera jarraituko duela uste du zuzendariak: "Aurten ere beste talderen bat sortuko da ziurrenik, eta danborradak etorkizuna baduela erakusten du horrek, gazteak gogotsu baitaude".

Azpeitian zein Donostian egiten diren danborradek herrikoaren aldean indar handia badute ere, haien inbidiarik ez duela sentitzen esan du Artetxek: "Askok pentsatuko dute gezurra dela hori, baina nik nahiago dut gure danborrada; ez nioke ezer aldatuko".

Artetxe, bere taldeari adi-adi begira.

Egindako lanagatik aitortza

Danborradaren 75. urteurrenaren harira, joan den andremarietan txupinazoa bota zuen Artetxek, Justino Sasieta lehen danborradako parte hartzailearekin eta Ana Etxaniz zuzendariarekin batera. Suziria botatzeko aukera ematea "aitortza" izan zela adierazi du zuzendariak: "Ez nuen inondik inora espero txupinazoa botatzeko aukera izatea, eta sekulako ilusioa egin zidan udalaren deia jasotzeak, suziria ez baitu edozeinek botatzen".

Danborradan izan duen presentzia kontuan harturik, Artetxek "herriaren alde" zerbait egin egin duela sentitzen du, eta hori aitortzea "ohorea" izan da berarentzat. Txupinazoa bota zuten unea ondo gogoan du hark: "Abuztuaren 14an udaletxeko balkoira irten genuenean, plaza horren beteta ikusteak zirrara eragin zidan. Asko harritu ninduen, momentu ederra izan zen".

Artetxe, joan den andremarietan, txupinazoa botatzen, Ana Etxanizekin batera.

Motzean:

  • Adina: 62 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoko ikasketak.
  • Lanbidea: Operarioa
  • Zuzendaria izango ez banintz… Barrikak jotzen irtengo nintzateke.
  • Danborrada amaitutakoan gogoko dut… Eguraldiaren arabera, kalean taldekoekin buelta bat ematea gustatzen zait.