Golik gabeko derbia jokatu dute Anaitasunak eta Lagun Onakek

Ane Olaizola 2023ko aza. 18a, 19:02

Anaitasuna eta Lagun Onaken arteko erbiaren une bat. (Ane Olaizola)

Anaitasunak eta Lagun Onakek derbia jokatu dute gaur arratsaldean, Txerloian, eta aukerak izanagatik, ez batak eta ez besteak ez du lortu golik sartzerik. Emakumeen Euskal Ligan, berriz, Anaitasunak 3-2 galdu du Zarautzen aurkako neurketa. 

Azkoitiko eta Azpeitiko futbolzaleek ez dute hutsik egin denboraldiko Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko lehen neurketan, Txerloia futbol zelaia jendez bete baita bata zein bestea animatzeko. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko 11. jardunaldia jokatu dute Azkoitiko eta Azpeitiko gizonen taldeek, eta han bildutakoek minutuko isilunearekin hasi dute derbia, aste honetan hil den Jose Mari Zinkunegi Lagun Onakeko presidente ohiaren omenez.

Zelaian giro bero egon da hasieratik, eta alde biek izan dituzte golak sartzeko aukerak lehen zein bigarren zatian. Dena den, inork ez du lortu aurkariaren zutoina zulatzerik, eta arbitroak hiru minutuko luzapena agindu badu ere, azkenean hutsean geratu da markagailua. Gauzak horrela, sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, eta bederatzigarrenean, Anaitasunak. 

Emakumeek punturik ez

Bestalde, Emakumeen Euskal Ligako 11. jardunaldia gaur arratsaldean jokatu dute Anaitasunako jokalariek ere. Zarautzen jokatu dute azkoitiarrek partida, baina punturik gabe itzuli dira haiek etxera, Anaitasunak 3-2 galdu baitu Zarautzen aurkako norgehiagoka. Ane Juaristik sartu ditu bi golak, baina ez dira nahikoa izan hiru puntuak eskuratzeko. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 4. postuan da Anaitasuna.