Entrenatzaile berriak betiko derbirako prest

Mailo Oiarzabal - Urtzi Oteiza 2023ko aza. 17a, 09:37

Txema Añibarrok eta Iban Fagoagak lehen sasoia dute Anaitasunaren eta Lagun Onaken gizonen talde nagusien aulkietan. Bihar derbia jokatuko dute bi taldeek Txerloian (17:00), partida "berezia" eta "desberdina".

Azkoitiko eta Azpeitiko futbolzaleek hitzordua dute bihar 17:00etan Txerloian. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko 11. jardunaldiarekin iritsiko da 2023-2024 denboraldian Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko lehen neurketa. Azkoitian jokatuko da bi herrietako futbol zelaietan zale gehien biltzen dituen derbiaren lehen kapitulua. Aparteko ikusmina sortzen dute beti bi talde horien arteko norgehiagokek, eta biharkoa ez da salbuespena izango.

Anaitasunak eta Lagun Onakek, biek, ekin zioten denboraldiari entrenatzaile berriekin. Txema Añibarrok (Zeberio, Bizkaia, 1979) eta Iban Fagoagak (Bera, Nafarroa, 1980) lehen derbia izango dute biharkoa, Anaitasuna zuzentzen lehenak eta Lagun Onak gidatzen bigarrenak. Jokalari profesional ohiak, atzelariak biak, aro ezberdinetan baina Eibarren jokatutakoak, klub armaginean sasoi berean ere aritu ziren, Añibarro talde nagusian jokatzen eta Fagoaga harrobian entrenatzen. Bien arteko paralelismoak beste atal bat bizi du orain Anaitasunaren eta Lagun Onaken aulkietan, eta denboraldiko lehen hitzordu bereziaren atarian Txerloian elkartu ditu hedabide honek, derbiaz hitz egiteko.

Partida "berezia"

Ligako gainerako neurketa guztietan bezala, bihar ere hiru puntu izango dituzte jokoan Anaitasunak eta Lagun Onakek, baina Azkoiti-Azpeiti futbol lehiaren berezitasuna "sumatzen" dela aitortu dute entrenatzaileek, batik bat jokalarien artean. "Badakite bihar jendea etorriko dela, lagunak etorriko direla, gure kasuan, gainera, etxean jokatzen dugu eta. Horrelako neurketak politak izaten dira herriarentzat eta zaleentzat", dio Añibarrok. "Berezia" izango da biharkoa, zaleentzat ez ezik, derbia estreinakoz biziko duten bi entrenatzaileentzat ere.

Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko norgehiagoketan sortzen den antzeko lehia duten partidak jokatutakoa dela dio Añibarrok; Fagoagak, aldiz, Eibarren osatu zuen futbolari ibilbidea gaztetatik, eta ez du gogoan parekotasunik izan zezakeen lehiarik.

Anaitasuna "gogotsu" dago biharko partidari aurre egiteko, Añibarrok dioenez, nahiz eta aurreko jardunaldian "kolpe gogorra" hartuta iritsiko den taldea, hiru jokalarik min hartu baitzuten belaunean Vitoriaren kontrakoan; Marinen eta Barbarinen lesioen pronostikoaren zain, Mikel Aramendiri baieztatu diote "lesio larria" duela. Lagun Onakek, zorionez, ez du halakorik, eta denboraldiaren lehen zatia ona izaten ari da Azpeitikoentzat. Horrela dio Fagoagak: "Nahiko ondo gatoz. Taldea hasieratik ari da itxura ona ematen, eta emaitza onak lortu ditu".

Aspalditxoko denboraldietan ez bezala, biharko derbia Lagun Onak sailkapenean Anaitasunaren gainetik dela iritsiko da: Azpeitiko taldea laugarren postuan da, 21 punturekin eta sailkapenaren burutik hiru puntura; Anaitasuna, berriz, taularen erdi aldean dabil, hamargarren postuan, hamabi punturekin. Baina derbietan taldeen sailkapenak garrantzirik ez duela esan ohi da, eta ados daude bi entrenatzaileak. "Orain arte egindakoak gutxi balio" du horrelako partidetan, Fagoagaren iritziz: "Nahiz eta batzuk goian eta besteak ez hain goian egon, partida hau desberdina da, jokatu egin behar da", dio. Añibarrok uste du lehia bereziko partida horietan "jokalariek plus bat ematen" dutela, eta sailkapenean taldeen artean alde nabarmena egonda ere, "parekatu" egiten dela jokoa. "Uste dut sailkapena bigarren maila batera pasatzen dela eta emozioek zeresan handia izaten dutela, horregatik diot partida desberdinak izaten direla", gaineratu du Fagoagak.

Notak, bukaeran

Lehen derbia iritsi aurretik jokatutako hamar jardunaldien balantzeaz galdetuta ere bat datoz Anaitasunaren eta Lagun Onaken entrenatzaileak: nahiago dute balantzeak denboraldia bukatutakoan eta osotasunean egitea. "Gauza positiboak" kontuan hartzearen alde agertu da, hala ere, Añibarro, lanaren helburua beti "hobetzea" izan behar delako. Baina balantzeak egiten hasteko goizegi dela berretsi du: "Oraindik hamar jardunaldi jokatu dira, asko geratzen da [34 jardunaldi ditu ligaren fase erregularrak], eta notak bukaeran ematen dira. Denok nahiko genuke puntu gehiago izatea, beraiek zein guk. Egon dira gehiago merezi izan dugun partidak, aurkaria baino gehiago izanda, porrotarekin joan garenak etxera, baina futbola ez da merezimendu kontua. Hau luzea da, eta lanean jarraitu beharra dago". Balantzeetarako "goiz" da Fagoagarentzat ere: "Garbi dagoena da liga oso parekatua dela, edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Berdintasun handia dago, eta horregatik, puntu bakoitzak garrantzi handia dauka".

Urrutira joan gabe, bihar bertan izango dute Anaitasunak eta Lagun Onakek puntu berriak eskuratzeko aukera. Emaitzaren pronostikoa eskatuta, ezustekorako tarterik ez dute utzi entrenatzaileek: bakoitzak bere taldearen aldeko apustua egin du. Hala ere, emaitza zehatzik ez du eman Fagoagak. Liga nola, derbia ere hala ikusten du Azpeitikoen entrenatzaileak, parekatua. Partida "itxia" izango dela aurreikusten du: "Bi talde on, bi talde serio gara. Jokalari onak daude bi taldeetan. Espero dut jende asko etortzea eta etortzen direnek partidaz gozatzea. Gustatuko litzaidake Lagun Onak on bat ikustea; hori horrela bada, gertuago izango dugu aldeko emaitza bat". Partida aurrez parekatua irudikatzerakoan ere Fagoagaren iritzi berekoa da Añibarro, baina Anaitasunakoak bai, aipatu du emaitza. "1-0ekoa sinatuko nuke nik", dio, baina batik bat derbia irabazteak taldeari egingo liokeen mesedea nabarmendu nahi izan du. "Aurreko astekoak min egin digu, taldea ukituta dago", azaldu du, min hartutako jokalarien egoerak taldekideengan izan duen eragina nabarmenduz. Etxean jokatuko du Anaitasunak eta Txerloian elkartuko diren zale gehienak alde izango ditu; horrek taldeak behar duen "bultzada" ekartzea espero du Añibarrok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide