"Giro atsegina" nagusituko da Anaitasuna Kakutek antolatutako San Andres xake txapelketan

Ane Olaizola 2023ko aza. 16a, 09:25
Isuskiza eta Fernandez, atzo, kartela aurkezten. (Ane Olaizola)

Abenduaren 3an jokatuko dute xake txapelketa Elkarguneko areto nagusian, eta Anaitasuna Kakute taldeko zein udaleko ordezkariek aurtengo edizioaren kartela eta trofeoak aurkeztu zituzten atzo. Jakinarazi dutenez, dagoeneko 85 jokalarik eman dute izena.

Datorren abenduaren 3an jokatuko dute San Andres xake txapelketa, eta haren antolatzaile Anaitasuna Kakute taldeak torneoaren kartela aurkeztu zuen atzo, asteazkena. Klubaren egoitzan elkartu ziren Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzi Igor Isuskiza eta klubeko idazkari zein taldeen kapitain den Anibal Fernandez, eta haiek arduratu ziren aurtengo txapelketaren trofeoak zein opariak aurkezteaz.

Anaitasuna Kakuteren zuzendaritzaren arabera, txapelketaren izen-ematea "erritmo oso onean" doa, eta dagoeneko 30 taldetako 85 jokalari inskribatu dira. Euskal Herriko xakelariak ez ezik, Zaragozatik, Kantabriatik zein Asturiasetik (Espainia) etorriko dira Azkoitiko txapelketan lehiatzera. Antolatzaileen arabera, tituludun hainbat jokalari egongo dira Azkoitian, eta gehienek Nazioarteko Federazioan puntuak dituzte. Besteak beste, honako jokalari hauek parte hartuko dute: David Lariño Maisu Handiak, Iñigo Argandoñak, Diego del Reyk eta Fide David Lana maisuak.

Abenduaren 3ko txapelketa erritmo "frenetikoan" jokatuko dute, eta antolatzaileek txanden artean ausazko zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean, modu horretara "ikusmina eta tentsioa" areagotuz.

Anaitasuna Kakuteko bazkide eta laguntzaileen lana goraipatu du zuzendaritzak, eta udalaren eta Elkargunearen, Mikel Almansak zuzentzen duen arbitro taldearen zein herriko babesleen eta saltokien laguntza azpimarratu dute. "Haien laguntza ezinbestekoa da jokalari bakoitzak dagokion saria jaso dezan". Klubak jakinarazi duenez, honako sari hauek banatuko dituzte: emakumeena, beteranoena, Fide rankingean 2.000 puntuz azpikoa, Fide rankingean 1.800 puntuz azpikoa, 20 urtez azpikoa, 16 urtez azpikoa, 14 urtez azpikoa, federatu gabeena, herrikoa eta taldekakoa.

10:00etan hasiko dira partidak, eta antolatzaileek azaldu dute "goiz atsegina" nagusituko dela Elkargunean, jokalari "berriek zein zaharrek" bat egingo dutelako hango areto nagusian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide