Kanpai hotsak lau haizetara, San Martin egunez

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 11a, 15:12

Gaurko egunez tradizioa den moduan, kanpai festa ari da izaten protagonista San Martin auzoan; herritarrek ermitako kanpaia jotzeko aukera dute goizetik iluntzera bitartean. Meza izan da goizean, eta besteak beste, jolasak egingo dituzte arratsaldean.

Azaroaren 11 da gaur, San Martin eguna, eta festa giroan murgildu da goizetik izen bereko Azkoitiko auzoa. Izan ere, egun osoko egitaraua antolatu dute hango Mikologi eta Ardatz elkarteek.

Egunari ekiteko, 10:30ean hasita, meza izan da ermitan. Goiz osoan zehar, txorizo eta haragi egosia dastatzeko aukera ere izan da Ardatz elkartean, eta arratsaldera begira jolasak antolatu dituzte elkarte horretan bertan, hala nola, zaku karrera zein itsulapiko apurketa. Era berean, urteroko gisan, San Martin mendi lasterketa jokatu dute.

Tradizioa den moduan, gainera, kanpai festa ari da izaten gaurko protagonista, herritarrek ermitako kanpaia jotzeko aukera izango baitute goizetik iluntzera bitartean. Goiz partean, herritar ugari animatu dira kanpaia jotzera, eta haren hotsak lau haizetara zabaldu dituzte.

Horrez gain, San Martingo Ondaregunea ere zabalik egongo da gaur, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, bisita gidatuak egingo ditu Ondaregunean Munibe Arkeologia Taldeak, 12:00etan eta 17:00etan. Bisita horiek doakoak izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide