Azkoitia Ueman sartzeko eskatu du EH Bilduk

Iraia Oteiza 2023ko aza. 10a, 16:24

Uemako batzar bat, artxiboko irudi batean.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateak, Azkoitiko euskararen garapenerako bidea "erraztu" egingo duela uste du Azkoitiko EH Bilduk.

Azkoitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartu beharra dagoela berretsi du Azkoitiko EH Bilduk, eta udalean 2024rako aurrekontuak lantzen ari diren unea aprobetxatu du adierazpen hori publiko egiteko. Ohar bidez, herriko euskararen aberastasuna etorkizunean ere mantendu beharra dagoela azpimarratu du taldeak, eta horretarako neurrizko hizkuntza politikak behar direla adierazi du. Hori horrela, Uemako kide izateak, Azkoitiko euskararen garapenerako bidea "erraztu" egingo duela uste du alderdiak.

Oharrean irakur daitekeenez, Uemak gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu eskaintzen ditu euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko, tartean, udalerri euskaldunen zaintza garapena eta herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea. Egun, 101 udalerrik osatzen dute mankomunitatea, eta Azkoitia 102.a izatea da taldearen nahia: "Azkoitiko herrian euskararen aldeko lan bikaina egiten ari dira ikastetxeak, AEK, Maxixatzen Euskaldunen Elkartea, udaletik sustatutako Euskara Mahaia, eta hainbat norbanako euskaltzale. Talde horien urteetako lana eta ahalegina osatzera datorren proposamena da hau, denak direlako osagarriak, denak direlako beharrezkoak", adierazi du EH Bilduk.

Horretaz gain, Uemako kide izatea "euskara jasaten ari den oldarraldi judizialari erantzuteko modu ezin hobea" dela ere baieztatu dute: "Izan gaitezen Uemako 102. udalerria, euskaraz bizi nahi dugulako, euskaraz garelako". Hala, mankomunitatean sartzeko "apustu irmoa" egin duela berretsi du taldeak, eta Azkoitiko udaleko alderdi zein herriko eragile sozialei urrats hori guztien artean egiteko deia luzatu die.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide