Futbola

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 16a, 13:00

Aitziber Arzallus kazetariak azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Futbola'.

Futbola. Munduan jarraitzailerik gehien dituen kirola izanagatik, fama txarra du. Ia denok nahi genuke gure etxetik Igor Zubeldia bat edo Aritz Aranbarri bat irtetea, baina, gero, gaztetxoek erreferentetzat dituzten izarrei buruz gaizki esaka jarduten dugu. Partida jakin batzuen bueltan sortzen diren iskanbilak kritikatzen ditugu, eta gero, seme-alaben partidak ikustera joaten garenean, zenbait gurasok lotsa ematen dugu. Etxean hurrengo Messi dugula uste dugu, eta konbokatu gabe gelditzen den aurreneko partidan, astero eta musu truk dozena bat ordu gure seme-alabei eskaintzen dizkien entrenatzaileaz sekulakoak eta bi esaten ditugu. Dena dakigulakoen, ezer ez dakigu. Halakoak gara, kontraesanez betetakoak, eta hipokritak.

Baina gurasoen mundutik gaztetxoenera jaitsita, nik ez deritzot futbola horren kaltegarria denik. Ez behintzat beste edozein taldeko kirol baino kaltegarriagoa. Egia da maila batzuetatik aurrera lehiakortasun handia dagoela. Batzuek taldean sartzeko, beste batzuek kanpoan gelditu behar dutela. Baina bizitza bera ere ez al da horrelakoxea? Denok ez dugu denerako balio, eta horretaz jabetzen joatea ere beharrezkoa iruditzen zait. Inori ez zaigu gustatzen gurea etxera negarrez etortzea, baina dena ez da poza eta alaitasuna izango beti, eta nire uste apalean, tristura eta frustrazioa ere txikitatik kudeatzen ikasi beharreko sentimenduak dira.

Futbola eta batez ere taldean aritzea balio on askoren iturri dela iruditzen zait

Futbola eta batez ere taldean aritzea balio on askoren iturri direla iruditzen zait. Nori ez zaio gustatzen talde bateko kide dela sentitzea? Nori ez, balioetsia sentitzea? Denek ez dute aurrenekoan asmatuko, ados. Aritz Aranbarrik berak ere ez. 13 urterekin Realak deitu zionean, sekulako poza hartuko zuen ziurrenik, baina astean hirutan Zubietara entrenatzera joaten hasi, lekuz kanpo sentitu, eta uztea erabaki zuen. Reala utzi eta Anaitasunara bueltatzea. Baina horregatik ez zion futbolean jokatzeari laga. Handik hilabete gutxira deitu zioten berriz, eta bigarren saiakera egitea erabaki zuen, eta infantil txikitik lehen mailara, Realak dituen kategoria guztietan lehiatu du. Lehen taldearekin minutu gehiago jokatzea nahiko zukeela? Noski baietz, beti gehiago nahi, baina jokatutako horiei balioa ematen jakitea ere gauza handia da.

Realako etapa bukatuta, Leganesen dabil egun, bigarren mailan, baina gustatzen zaiona egiten, futbolean jolasten. Madrilgo taldeak deitu zionean sekulako poza hartu omen zuen, Realak umetan deitu zionean hartu zuenaren parekoa agian, baina poza poz, Madrilera bizitzera joateak beldur pixka bat ematen ziola ere aitortu du. Lehen aldiz etxetik kanpo, dena berria, dena espainolez... ez da gutxiagorako. Baina barruan zeraman korapiloa askatuta, zoriontsu dago mutila, eroso sentiarazi dutelako eta lagunak egin dituelako. Horiek ere ematen baititu futbolak: lagunak. 25 urterekin eta 13rekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide