Haurrek eskuko telefonoarekin duten erabileraren inguruko gogoeta saioa izango da asteazkenean

Iraia Oteiza 2023ko aza. 3a, 12:40
Miren Rosek irailean gidatutako hitzaldi-solasaldia Elkargunean. (Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaia)

Herriko ikastetxeek eta udalak antolatuta, Elkargunean izango da saioa, datorren asteazkenean, hilaren 8an, 18:30etik 20:00etara bitartean. Miren Ros Bidelagun hezkuntza sareko aditua arduratuko da saioa gidatzeaz.

"Zergatik erosi mugikorra zure haurrari? Eta zergatik ez?". Galdera horiei erantzuna eman asmoz, gogoeta saioa antolatu dute herriko ikastetxeek eta udalak. Sakeleko gogoetak izeneko saioa Bidelagun hezkuntza sareko arduraduna den Miren Rosek zuzenduko du, datorren asteazkenean, hilaren 8an, Elkargunean. 18:30etik 20:00etara bitartean izango da gogoeta ekitaldi hori.

Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaiak adierazitako kezkaren ondotik antolatu dute gogoeta saioa. Iazko irailean sortu zuten mahai hori herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek –Xabier Munibe Ikastolako Udaberri guraso elkarteak, Floreaga Salestar Ikastetxeko Elkarrekin guraso elkarteak eta Bizilore Eskola Aktiboko Kukuherri guraso elkarteak–, seme-alaben heziketari lotutako kezkak partekatzeko eta irtenbide egokiak aurkitzeko. Orduz geroztik egin dituzten bileretan, kezka iturri nagusi bat identifikatu dute: gaztetxoek eskuko telefonoarekin duten erabilera. Behin kezka mahai gainean, Bidelagun hezkuntza sarearekin jarri ziren harremanetan, gaia landu eta irtenbidea aurkitu nahian aurrerapausoak emateko. Miren Ros dago Bidelagun proiektuaren oinarrian, eta hain zuzen ere, hura izan da taldeari sakelako telefonoaren inguruko ekimena aurrera ateratzen lagundu dion aditua. Irailean hitzaldi-solasaldia egin zuten elkarlanean, eta datorren asteazkeneko gogoeta saioa izango da hurrengo ekimena.

Ekintzok gurasoentzat baliagarriak izango direla adierazi dute mahaiko kideek: "Kezka, izan, badugu, baina egoerari aurre egiteko tresnak falta zaizkigu. Ekimenak baliabide horiek izaten lagunduko digu", azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide