Bihar zabalduko du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Orbel Jokuek lehiaketarako izen-ematea

Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 16:47

Berrikuntza nagusi bat izango du aurtengo edizioak: parte hartzaileak bi mailatan banatuko dira adinaren arabera. Hala, 12 eta 16 urte bitartekoek osatuko dute maila bat eta 16 urte gorakoek beste kategoria.

Azaroarekin batera datoz aurten ere Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako, eta Azkoitiko Udalak eta Danobat enpresak babestutako Orbel Jokuak. Urtero bezala, euskaran eta euskal kulturan sustatzea eta ondo pasatzea dira jolasaren helburuak; herritarrek hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin lotutako kontuetan parte hartzea, jolasean elkar hobeto ezagutuz, eta, bide batez, kontu berriak ikastea.

Aurtengo edizioak badu berrikuntza nagusi bat: izan ere, parte hartzaileak bi mailatan banatuko dira, adinaren arabera. Hala, batetik 12 eta 16 urte bitartekoek maila bat osatuko dute, eta bestetik, 16 urtetik gorakoek osatuko dute beste kategoria.

Bihar, ostirala, irekiko da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, eta hurrengo osteguna, azaroak 9, izango da izena emateko azken eguna. Taldeari izena jarri eta ondoren taldearen izena eta kideen informazioa 675 85 71 11 Whatsapp zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora bidali beharko dituzte herritarrek.

Lehiaketaren dinamikari dagokionez, berriz, aurreko edizioetako antzekoa izango du. Azaroaren 10an hasita, hiru astetan galderak proposatuko zaizkie talde guztiei. Galdera horiek ostiralero argitaratuko dira webgunean, eta taldeek, hurrengo osteguneko 12:00ak arte izango dute erantzunak bidaltzeko epea, 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen astean, azaroaren 10koan, Kepa Alberdik Azkoitiaren historiaren inguruan idatzitako artikuluen inguruko galderak izango dira.

Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira abenduaren 2ko finalera, eta talde horiek herriko saltokietan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte: helduetan lehen sailkatuak 300 euroko txartela, bigarren taldeak 180 eurokoa, eta hirugarrenak 120 eurokoa; gazteetan, berriz, 180 euro lehen taldeak, 120 bigarrenak eta 90 hirugarrena. Gainera, parte hartzen duten talde guztien artean beste 60 euroko bonu bat zozkatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide