Juan Ramon Azpitarte 'Imuntzo': "Trikigirok ikasleei jendaurrean pausoa emateko balio die"

Nerea Uranga - Urtzi Oteiza 2023ko urr. 20a, 10:30

Trikitilariak eta trikitizaleak bilduko ditu gaur Trikigiro jaialdiak Azpeitian, zortzigarrenez. Jaia ikasleek kalean eta lagunartean trikitia jotzeko "aukera interesgarria" dela uste du Imuntzok.

Juan Ramon Azpitarte Imuntzo (Azkoitia, 1969) trikitilariak eta soinu eta pandero irakasleak bere ikasleekin parte hartuko du gaur Azpeitian egingo duten Trikigiro jaialdian. Gaur egun Zarauzko, Zumarragako (Gipuzkoa) eta Azpeitiko musika eskoletan nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ematen ditu eskolak. Trikigiro jaialdia trikitilari gazteentzako "pizgarri" dela uste du Imuntzok.

Hamarkadak daramatzazu plazetan trikitia jotzen, baina nola eta noiz hasi zinen soinua eta panderoa irakasten?

17 urterekin hasi nintzen trikitia irakasten. Garai hartan, Zarauzko Musika Plazan musikari lotutako denda bat zegoen, eta dendak behean soto bat zuen. Dendaren jabeari otu zitzaion sotoan musikako akademia jartzea, eta niri proposatu zidan trikiti klaseak ematen hastea. Proposamena onartu egin nuen, eta ordutik gaur arte.

Soinua jotzea gauza bat izango da, eta bestea irakastea, ezta?

Bai, lan desberdinak dira biak, batak bestearekin ez dauka zerikusirik, baina nik bi lanak ditut gustukoak.

Nolakoa da gaur egungo trikitilarien harrobia?

Nire ustez, harrobi oso polita dago, batik bat zaletasun eta giro aldetik. Trikitirako eta giro horretan ibiltzeko zaletasuna badagoela ikusten dut.

Gazteek jotzen al dute erromeri eta trikiti giro horren bila?

Erromeri girora gazteek ere jotzen dute, eta gaur egun, kuadrillen artean eta, trikipoteoan ibiltzeko joera hori gehitu egin da. Igoal, garai batean, txapelketarako eta lehiarako joera handiagoa zen trikiti munduan. Hori guztia aldatzen joan da, eta orain kalean, lagunartean, trikiti giro polita sortu da.

Gaur zortzigarren Trikigiro jaialdia egingo da Azpeitian, eta parte hartuko duzu.

Trikigiro jaialdia oso polita da, batik bat gure soinu eta pandero ikasleentzako. Haiek instrumentuak ikasteko musika eskolara joan-etorrian ibiltzen dira, etxean entseatzen dute, eta lagunartean ikasten ari diren horri guztiari irteera emateko aukera polita da. Trikigiro jaialdiaren bueltan jende asko elkartzen gara, bai ingurukoak, baita kanpotik etorritakoak ere; jendea etortzen da Mendarotik [Gipuzkoa], Zestoatik, Aizarnazabaldik, Azkoititik, Azpeititik, Errezildik... Beste trikiti ikasle batzuekin hartu-emanak izaten dituzte haur eta gazteek, eta oso interesgarria iruditzen zait aukera hori.

Nola antolatzen duzue trikiti jaialdia? Nola aukeratzen duzue zer pieza joko dituzuen?

Trikigiro jaialdiaren aurretik, eguna antolatzeko bilerak egiten dira, eta horietan kontuan hartzen da musika eskola bakoitzak zenbat talde dituen; horren arabera erabakitzen da bakoitzak bi edota hiru pieza joko dituen 19:00etatik 20:00etara arteko jaialdian. Izan ere, ordubeteren barruan bukatu behar izaten du jaialdi horrek. 20:00etan, berriz, trikitilari denok elkartzen gara, argazki erraldoia ateratzen dugu, eta kalejiran ateratzen gara. Kalejiraren ondoren, berriz, Sanagustin kulturgunean elkartzen gara afaltzeko.

Trikiti ikasleek kalean jotzeko aukera izatea positiboa izango da, ezta?

Bai, oso positiboa da. Alde batetik, trikiti ikasleei jendaurrean azaltzeko pausoa emateko balio die; eta bestetik, beste eskoletako jendea ezagutzeko eta elkarrekin batera jotzea zer den ikasteko. Gainera, besteek zer pieza jotzen dituzten ikusten dute, eta guk jotzen ez baditugu, berriak ikasteko gogoa pizten zaie. Beti ikasten da zerbait, eta alde horretatik, oso positiboa iruditzen zait Trikigiro jaialdia.

Trikitilarien jaialdia da, baina jendea dantzara ere batzen da.

Bai, hala da. Kalejira erraldoiaren ondoren egiten dugun afariaren ostean, erromeria izaten da, eta aurreko edizioetan, gonbidapenik jaso gabe Luis Beltza dantza eskolako dantzariak azaltzen ziren erromeriara dantza egitera. Aurten, hori kontuan hartuta, Beltzaren dantza eskolakoak gonbidatu ditugu Trikigiro jaialdian parte hartzera. Kalejiraren garaian, geldialdiak egin eta bi-hiru pieza jotzen ditugu, eta aurten dantzariek dantza egingo dute. Afalosteko erromeri horretan ere, dantza egitea nahi duenak libre izango du.

Haur eta gaztetxo asko hasiko dira panderoa edota soinua ikasten, baina askok jarraitzen al dute gero?

Normalean, 7-8 urterekin hasten dira haurrak panderoa edota soinua ikasten, eta ondoren, 14-15-16 urtera arrimatzen direnean, askok utzi egiten dute, ikasketak tarteko edota herritik kanpora ikastera joaten direlako. Batzuk, ordea, saiatzen dira trikitia ikasten segitzen, baina dezenteri ezina-edo sortzen zaie, eta utzi egiten dute. Behin lauzpabost urte pasatutakoan, unibertsitateko ikasketak bukatzen dituztenean eta berriro herrira itzultzen direnean, berriro trikitia ikasten segitzea erabakitzen dutenak ere izaten dira, ordea.

Panderoa edota soinua jotzen dakien bateren bat kuadrillan izatea bada festa muntatzeko erreminta gehigarria, ezta?

Soinuak eta panderoak duten  aukera ederretako bat da hori; kuadrillan juntadizoa egin, eta denbora guztian elkarri kontuak esaten egon beharrean, bakarren batek soinua eta besteren batek panderoa jotzen badakite kuadrillan, listo dira, festa antolatuta dute.

Trikigiro kultur elkarteak antotzen du Trikigiro jaialdia. Nola baloratzen duzu elkarte hori egiten ari den lana?

Lan oso ona egiten dute, eta Trikigiro jaialdia antolatzeko ahalegin handia.

Trikigiro jaialdia

Trikigiro kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean Trikigiro jaialdia antolatu dute Azpeitian, gaurko. Jaialdiaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta hau da prestatu duten egitaraua:

  • 19:00. Trikitilari gazteen emanaldia, Sanagustin kulturgunean.
  • 20:00. Trikitilarien kalejira eta argazki erraldoia, herriko plazatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan barrena.
  • 21:00. Afaria, Sanagustin kulturgunean. (Afarirako txartelak agortuta daude).
  • 23:00. Erromeria, Sanagustin kulturgunean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide