Bigarren eskuko azoka antolatu du Bizilorek larunbaterako

Ane Olaizola 2023ko urr. 18a, 12:11

Maiatzean egin zuten azokaren irudi bat.

Larunbatean, askotariko produktuak salduko dituzte Kontzejupean, "egoera oso onean" eta "merke". Biziloreren proiektua sostengatzeko ez ezik, herritarren artean berrerabilpenaren aldeko kontzientziazioa sustatzeko antolatu du eskolak egitasmoa.

Bizilore Eskola Aktiboak antolatuta, bigarren eskuko azoka egingo dute datorren larunbatean bigarrenez. Joan den maiatzean estreinakoz egindako azokak izandako erantzunaren ondotik antolatu du ikastetxeak berriz hura, eta aurreratu duenez, urtean hirutan egiteko asmoa du, urtaro aldaketarekin batera, udan izan ezik.

Aurreko aldian bezala, Kontzejupean izango da bigarren eskuko azoka, 10:00etatik 19:30era, etenik egin gabe. Hara gerturatzen direnek askotariko produktuak topatuko dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez: "Ume jaioberrientzako arropak, haiek eramateko motxilak eta haientzako produktu ugari egongo dira batetik. Adin desberdinetako haurrentzat zein helduentzat ere arropa asko izango dugu, baita oinetakoak, jostailuak, ipuinak, etxetresnak eta etxerako bestelako tresnak ere".

Bizilorek egoera "oso onean" dauden produktuak salduko ditu, prezio "oso merkean": "Oinetako batzuk, esaterako, berriak dira, eta beste batzuk, ia berriak. Erabilitakoak ere badaude, baina oso egoera onean daude guztiak, eta prezio oso onean salduko ditugu; edonork eros dezakeen moduan".

Kontzientziazio lana

Eskola autogestionatua da Bizilore, eta beraz, haren finantzaketara bideratuko dute azokan bildutako dirua. Dena den, badu beste helburu bat ere egitasmoak: "kontsumismoaren" aurrean, berrerabilpena sustatzea. "Kontsumismo izugarrian sartuta gauden honetan, kontzientziaziorako lana egin nahi dugu. Lehengo ohiturak berreskuratuz, berrerabilpena sustatu nahi dugu, eta bizitza berri bat eman nahi diegu ditugun produktuei, ezer berririk erosten hasi gabe, batez ere gure ondorengoekin pentsatuz".

Era berean, maiz bigarren eskuko azoken inguruan egoten diren "aurreiritziak" irauli nahi dituzte antolatzaileek, eta azpimarratu dute herritarrek produktuak "oso egoera onean" topatuko dituztela. "Erakutsi nahi dugu posible dela bigarren eskuko azoka eder bat egitea".

Maiatzean egin zuen Bizilorek aurrenekoz bigarren eskuko azoka, eta "pozik" dira orduko harrerarekin. "Askok zoriondu gintuzten, halako egitasmo bat antolatzeagatik. Oso erantzun ona izan zuen, eta horregatik antolatu dugu bigarrenez. Aurreikuspenak betetzen badira, aurrerantzean ere jarraituko dugu bigarren azoka egiten". Hori hala, herritar guztiak animatu dituzte hara joatera.