Txikia IV.ak Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga irabazi du

Nerea Uranga 2023ko urr. 12a, 15:07

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak finalean aurrea hartu die Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Mikel Larrañaga aizkolariei. 16:11 denboran bukatu ditu finaleko lan guztiak, Vicenteri 31 segundoko aldea aterata.

Beste txapel bat lortu du Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak gaur, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako Eusko Label Sariaren finala irabazita. Gaur jokatu dute Etxebarrin (Bizkaia) aizkolarien finala. Txikia IV.az gainera, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Mikel Larrañaga aritu dira nor baino nor finaleko saioan.

Bost lan egin behar izan dituzte aizkolariek finalean: kolpeka, erlojuaren kontra eta zutik 45 ontzako enbor bana moztu behar izan dituzte; segidan, 65 ontzako enbor bat abiaduran moztu dute; eta lanak bukatzeko, 60 ontzako lau enbor moztu dituzte lan erdira. Lan horiek denak 16:11 denboran egin ditu Txikia VI.ak eta 31 segundoko aldea atera dio Vicenteri. Azkoitiarrak abantaila abiadurako saioan irabazi dio bigarrenari. Hirugarren Ezpeletak egin du, 17:39 denboran bukatuta lanak, eta laugarrena gelditu da Mikel Larrañaga 18:29 denbora eginda.

Txapela irabazita gustura azaldu da aizkolari azkoitiarra. Gaurkoan "bi paliza" hartu dituela adierazi du txapela jantzi berritan: bata, aizkoran ari zen bitartean, eta bestea, besteak lanean ari zirela begira zegoen bitartean. "Besteak erritmo gogorrean hasi dira aizkoran, eta harrapatuko ninduten beldur nintzen. Nonbait nik azkenengo bi lanak ondo egiten ditut, eta hor atera diet abantaila aurkariei", esan du Txikia IV.ak.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide