Esther Ciudaden eta Juanjo Guillemen kontzertuarekin hasi da Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa Azkoitian

Iraia Oteiza 2023ko urr. 8a, 17:00

Esther Ciudad organo jotzaileak eta Juanjo Guillem perkusio jotzaileak emanaldia eskaini zuten atzo Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloaren barruan. Israel Lopez Estelche, György Ligeti eta Hermes Luaces konpositoreen obrak interpretatu zituzten.

Atzo, larunbata, iritsi zen Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa Azkoitira, Esther Ciudad organo jotzailearen eta Juanjo Guillem perkusio jotzailearen emanaldiarekin. 20:00etan eskaini zuten kontzertua, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian. Bi musikariek Israel Lopez Estelche, György Ligeti eta Hermes Luaces konpositoreen obrak interpretatu zituzten.

Musikologoa, organista, tekla-interpretatzailea, programatzailea eta kultura kudeatzailea da Ciudad, eta nazioarteko hainbat ziklotan eta biratan parte hartu du bakarlari zein ganberako interprete gisa. Bestalde, Guillem perkusionista bakarlaria, orkestra musikaria, irakaslea, konpositorea eta ekoizlea da. Musikari polifazetikoa da, eta "erreferentea" bere arloan.

Datozen hiru larunbatetan ere zikloko kontzertuak izango dira Azkoitiko parrokian, 20:00etan. Urriaren 14an, organoaren enbaxadore ospetsuenetarikoa den Oliver Latry Parisko Notre Dame katedraleko organo jotzaileak kontzertua eskainiko du; urriaren 21ean, 2000. urteaz geroztik Azkoitiko organista titularra den Jose Luis Frantzesenak eskainiko du kontzertua Mariatxen Urkia sopranoak lagunduta; eta Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako organo ikasleek itxiko dute Azkoitiko zikloa urriaren 28an. Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloko gainerako kontzertuak Azpeitiko Loiolako basilikan eta Bergarako Santa Marina parrokian izango dira.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide