Xabier Obesoren filosofiaz beteriko lanak, Portaleburun ikusgai

Iraia Oteiza 2023ko urr. 7a, 17:30

Xabier Obeso margolariaren erakusketa urriaren 15era bitartean bisitatu ahal izango da Portaleburu erakusketa aretoan. Artea eta filosofia uztartzen dituzten lanez osatutako bilduma da, sinboloz betea.

Xabier Obeso margolariak erakusketa zabaldu zuen atzo, ostirala, Portaleburu erakusketa aretoan. Ez dio izenik jarri nahi izan bere bildumari,"izenak margolanen interpretazioa baldintzatu ez dezan". Hala, margolanak behatzen dituen oro "hausnarketara" bultzatzea da margolariaren helburua. Obesok adierazi duenez, bere bi gai kuttunak uztartu ditu bilduma osatzeko: artea eta filosofia. Sinboloak eta koloreak erabili ditu bere bi pasio horiek azaleratzeko.

Ibilbide luzeko margolaria da Xabier Obeso; kritikak errealismo garaikidearen artistarik adierazgarrienetakotzat jotzen du, eta margolariak bere lanak "filosofikoak, transzendentalak eta sinbolikoak" direla dio. Filosofikoak, gizakiaren hazteko premiarekin zerikusia duten gai sakonei buruzko gogoetak islatzen dituelako; transzendentalak, ezagutzen denaren mugak gainditzen dituelako inkontzientean sakonduz; eta, sinbolikoak, sinboloen hizkuntzaren bidez adierazten duelako esan nahi duena. Ildo beretik, artistak duen ibilbide luze horretan metatutako ezagutza guztia transmititzeko eta partekatzeko asmoz, adin eta ezagutza maila guztietako publikoari zuzendutako solasaldi moduko topaketak antolatzea atsegin du, arteak gizakiaren garapenean duen eraginaz hitz egiteko, eta arteak garapen integral baterako berebiziko garrantzia zergatik duen azaltzeko.

Obesoren margolanen bilduma urriaren 15era arte egongo da ikusgai Portaleburun. Ostiralean, 18:00etatik 20:00etara; igandetan 12:00etatik 14:etara; eta, larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu urriaren 14an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Bisita gidatua egin nahi dutenek artistarekin harremanetan jarri beharko dute www.xabierobeso.com edo xabierobeso@gmail.com helbidera idatzita, edo 610 91 99 53 telefonora deituta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide