Irene Elortzak urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '#aldamioeguna'.

Gutxi falta da. Gero eta hurbilago dago eguna. Ur teak eta urteak eman ditugu zain, eta, azkenean, gure pazientziak fruitu gozoa ekarriko digu opari. Herriko zaharrenek memoriaren ertz batean erdi ahaztuta daukagun irudia berreskuratuko dugu. Gazteenek, berriz, berpiztuko den Azkoitiko postal zahar baten bertsio koloreztatua ezagutuko dute. Herrira etortzen diren turista eta bisitari urriek parrokia ondoko eraikinari erreparatuko diote eta ez dira aldamio zatar batekin ikaratuko. Mudejar estiloko leihoak ederretsiko dituzte azkenik, eta atari nagusian jarriko duten plakan irakurriko dute: Idiakez Ederra. XVII. mendeko jauregia.

Baina guretzako Nagusia 80 izango da, puska batean. Izen horrekin ezagutu dugu udaletxeko dokumentu, plegu, akta eta abarretan, gutxienez 2009. urtetik, aldamioa jarri ziotenetik. Pentsatzen hasia nintzen neu ere nagusitu eta 80 ur tera iritsita aldamioa hortxe ikusten segitu behar nuela. Baina, sarritan, bizitzak ordainsari onak izaten ditu zain egoten dakienarentzat. Eta geurea ere bidean da. Azkoitiarrok edukiko dugu zer ospatua aldamioa kentzen duten egunean. Metalezko azken pieza desmuntatzen dutenean hantxe egon beharko lukete agintariek, biribilguneak inauguratzen dituzten okasioetan bezalaxe, dotore jantzita eta tokiko prentsari deialdia eginda, jendaurrean berri ona zabaltzeko.

Erakundeen ekitaldiez gain, herriak ere antolatu beharko luke festa handi bat

Baina, erakundeen ekitaldiez gain, herriak ere antolatu beharko luke festa handiren bat. Gorrixen Egune, Beltzan Egune, Pelotai Egune eta horrelakoak egiten diren bezalaxe, Aldamio Eguna (#aldamioeguna) aldarrikatu beharko genuke. Nire proposamena: aldamioa kendu eta hurrengo zapatuan egitea. Aldamio zatiak saldu daitezke dirua biltzeko. Berlingo harresia "erori" zeneko hartan bezalaxe, eta herriko artisauren batek aldamioko metal zatitxoak belarritako edo pultsera bihur ditzake. Festan bildutako diruarekin liburu mardul bat ere idatz daiteke, auzi honetan gertatu diren gorabehera guztiekin eta bidean min hartu duten pertsonen istorio pertsonalekin. Komedia eta dramaren arteko zerbait geratuko litzateke, esperpento moduko bat. Auzi honetan gertatu diren hainbat kontu bezalaxe.

Hurrengo egunean bai, orduan ikusiko dugu dena argi eta lasai. Idiakez berriro ederra izango da eta hor bizitzera joango direnen hipotekak ere, halakoxeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide