Erretratua

Nagore Silvan: "Emakumea izanda, zaila da kirol batean aritzea"

Naia Arrizabalaga 2023ko aza. 19a, 09:30

Nagore Silvanen erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Eskubaloi jokalaria izandakoa eta entrenatzailea da Nagore Silvan. Legazpin, jaioterrian, eman zituen lehen pausoak, eta Azkoitian ez dio utzi zaletasun duen jardunari. Ibilbidean, hainbat "traba" gainditu behar izan ditu kirolariak. Aste Santuko prozesioan ere parte hartzen du azken urteetan.

Eskubaloiari lotuta eraman du bizitzaren zati handi bat Nagore Silvanek (Legazpi, Gipuzkoa, 1975), eta kirol horretan murgilduta jarraitzen du oraindik, entrenatzaile lanetan ari baita azken urteetan. Dena den, beste hainbat arlo ere jorratu ditu Azkoitiko bizilagunak.

Legazpin hazi eta hezi zen Silvan, eta jaioterrian eskubaloian aritzeko "ohitura" zegoela eta, hango taldean eman zituen eskubaloiko lehen pausoak. Kirola eta ikasketak uztartu zituen hainbat urtez, baina Bilbon unibertsitateko ikasketak hastean heldu zitzaizkion arazoak: "18 urterekin seniorra nintzen, baina Bilbon ikasten nuenez, ezin nuen herrian entrenatu". Hori horrela, Bilbon hasi zen eskubaloian entrenatzen, eta Ohorezko Mailan jokatu zuen, harik eta taldea desagertu eta eskubaloia lagatzea erabaki zuen arte.

Hainbat urtez kirol hori utzita egon ostean, eskubaloira itzuli zen Silvan, baina ez jokalari moduan; entrenatzaile izatea erabaki zuen, guraso talde batek bultzatuta. 2017an sortu zuten Munoandi eskubaloi taldea Azkoitian, eta Silvanek boluntario modura lan egin izan du han; entrenatzaile, hain zuzen. Gaur egun, hainbat adinetako hamabi gazte aritzen dira taldean. Adin bereko behar beste jokalari ez daudenez, Azkoitiko taldeak Elgoibarko Sanlo taldearekin zein Urolako taldearekin kolaboratu izan du azken urteetan.

Gaur egun ere, "isilpeko lanean" jarraitzen du taldeak: "Futbolean nolabait baztertuta utzi dituzten gazteak hartzen ditu taldeak eta horren adibide dira Urola taldean dauden gazte batzuk", esan du Silvanek. Entrenatzailearen hitzetan, "ohikoa" izaten da ingurukoek egiten dutena egitea: "Azkoitian jende asko hasten da futbolean zein saskibaloian inguruko guztiak joaten direlako, baina gerora, 14 bat urteren bueltan, askok laga egiten dute".

Eskubaloiari dagokionez, herrian hainbat traba aurkitu dituela azpimarratu du entrenatzaileak: "Munoandi talde bezala kiroldegian entrenatu ahal izateko, hango jokalari guztiek kiroldegiko txartela izatea derrigorra da, eta ez zait justua iruditzen kirola egiteak kostu bat izatea". Klubaren kuota doakoa izanagatik ere, kiroldegian ordaindu beharrekoa "oztopo handia" da Silvanen ustez, taldean parte hartzeko zein kirola probatzeko garaian.

Generoak ere ekarri dizkio zenbait arazo legazpiarrari: "Emakumea izanda, zaila da kirol batean aritzea; laguntza gehiago eman beharko zizkiguten". Eskubaloian emakume entrenatzaile gutxi daude, eta horregatik, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak ikusgarritasuna eman nahi izan die horiei, sari bidez. Hain zuzen, denboraldiko emakume entrenatzaile onenaren sarirako izendapena jaso zuen Silvanek, baina bere hitzetan, egoera "normala" balitz, ez litzateke sari horren beharrik egongo.

Emakumeen taldeetan emakume entrenatzaileak ikustea "ohikoa" bada ere, gizonen taldeetan ez dela gauza bera gertatzen azpimarratu du legazpiarrak: "Orain dela bi urte, senior gizonen talde bat entrenatu nuen, eta kategoria horretan, ni nintzen emakume entrenatzaile bakarra". Entrenatzaile lanetan, "arazoak" izan ditu emakume izateagatik: "Epaile batzuk ez dute berdin ikusten emakume batek edo gizon batek protesta egitea". Genero desberdintasunaren "errua", ordea, ez dute erakundeek soilik; gizarteak ere konprometitu egin beharko lukeela adierazi du entrenatzaileak. Izan ere, emakumeek kirolean pairatzen duten egoera "gizartearen isla" da, Silvanen esanetan.

Elizan eta politikan

Kirolean ez ezik, beste hainbat arlotan ere aritu izan da Azkoitiko bizilaguna, eta horren adibide da 2017ko Aste Santuan herritarrek ikusi ahal izan zuten irudia. Izan ere, urte hartan, emakumeek lehen aldiz pausoa eraman zuten prozesioan: Silvanek berak, Monika Lorenzok, Maialen Silvanek eta Nerea Machadok, hain zuzen ere. "Ez zegoen planifikatua. Pausoan eramaten duten irudia janzten zein garbitzen ibili ginen hasieran, beste emakume batzuek irakatsita, eta afari bat egin genuen prozesioan laguntzen ibili ginen guztiok. Esan ziguten pausoa eramateko jendea falta zela, eta pisuari zegokionez, nahiko eramangarria zela. Elizan bertan probak egin genituen eta prozesioan ateratzea erabaki genuen".

Bide horretan, herriko parroko Felix Azurmendik emandako laguntza azpimarratu du Silvanek: "Trabak ipini beharrean, lehen unetik aurrera egiteko esan zigun hark". Herritarren erreakzioez gogoratuta ere, oroitzapen onak ditu Silvanek, emakumeen parte hartzeak zer harrera izango zuen "beldur" baitziren: "Emakume askok ilusioz eta pozez hartu zuten berria; ez nuen espero". Dena den, guztiek ez zuten begi onez jo emakumeek pausoa eramatea, eta kritikak ere jaso zituztela adierazi du. Silvanen iritziz "penagarria" da emakumeak halako ekintzetan ikustea gizartearentzat albiste izatea, eta gustatuko litzaioke gizarteak normaltzat hartzea emakumeek prozesioetan parte hartzea.

Lehenengo urtekoa "kasualitatea" izan bazen ere, geroztik ia urtero saiatu dira pausoa eramaten, eta jende asko hurbildu zaie laguntza eskaintzera, izan irudia garbitzeko edo hura eramateko. Aste Santuko unea, beraz, "oso berezia" bihurtu da legazpiarrarentzat.

Politikagintzan ere ibilbidea egin du Silvanek, Azkoitia Bai herri plataformaren eskutik. Orain dela zortzi urte inguru batu zen taldera; hain zuzen ere, taldearen planteamendua "herritar guztien onerako" zela iritzita: "Oso koherentea eta desberdina iruditu zitzaidan hasieratik". Silvanek gogoan du taldearen sorreran "oso gutxi" zirela, eta taldea aurrenekoz aurkeztu zen udal hauteskundeetan "zaplastekoa" jaso zutela. Hala ere, "lanean" jarraitzea erabaki zuten, "tokiko politika" bultzatzeko asmoz. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bairen egungo udal ordezkariaren lana goraipatu du Silvanek: "Hark egin duen lana ezin da diruarekin ordaindu". Azken udal hauteskundeen emaitzei erreparatuz, herritarren "iritzi aldaketa" azpimarratu du Silvanek: "Herritarrek ikusi dute txikitik hasita handia konpon daitekeela, baina ez alderantziz". Alderdi politiko txikiak beharrezkoak direla azpimarratu du: "Alderdi zirikatzaileak, konformatzen ez direnak, beharrezkoak dira, Azkoitian bereziki, ez baikara aldaketaren oso zaleak".

Motzean

  • Adina: 48 urte.
  • Ikasketak: Kazetaritzako Gradua.
  • Lanbidea: Gasolindegiko langilea.
  • Eskubaloiko entrenatzailea ez banintz… Jokalaria izango nintzateke.
  • Entrenamenduetatik ateratzean gogoko dut… Kafesne bat hartzea edo tertulian aritzea.