Xabier Obesoren erakusketa ikusgai egongo da bihartik aurrera Portaleburun

Intza Trula 2023ko urr. 5a, 15:30
Xabier Obeso margolaria. (xabierobeso.com)

Xabier Obeso margolariaren erakusketa bisitatzeko aukera egongo da bihartik hasi eta urriaren 15era bitartean, Portaleburu erakusketa aretoan. Horrez gainera, bisita gidatuak ere eskainiko ditu bi egunetan.

Xabier Obeso margolariak osatutako bilduma zabalduko dute bihar Portaleburu erakusketa aretoan, eta hura bisitatzeko interesa dutenek urriaren 15era arte izango dute aukera. Horrez aparte, bisita gidatuak ere eskainiko ditu; bihar lehenengoa, eta, bestea, urriaren 14an.

Ibilbide luzeko margolaria da Obeso; kritikak errealismo garaikidearen artistarik adierazgarrienetakotzat jotzen du, eta egileak lana "filosofikoa, transzendentala eta sinbolikoa" dela dio. Filosofikoa, gizakiaren hazteko premiarekin zerikusia duten gai sakonei buruzko gogoetak islatzen dituelako; transzendentala, ezagutzen denaren mugak gainditzen dituelako inkontzientean sakonduz; eta, sinbolikoa, sinboloen hizkuntzaren bidez adierazten delako.

Ildo beretik, artistak duen ibilbide luze horretan metatutako ezagutza guztia transmititzeko eta partekatzeko asmoz, adin eta ezagutza maila guztietako publikoari zuzendutako solasaldi moduko topaketak antolatzea atsegin du, arteak gizakiaren garapenean duen eraginaz hitz egiteko, eta arteak garapen integral baterako berebiziko garrantzia zergatik duen azaltzeko. 

Egileak berak zuzendutako bideo bat ere badu: Arragoa. Bertan, hainbat diziplinatako artistek, hala nola dantzak (Kukai), musikak, poesiak, bideoak eta pinturak, Obesoren obratik abiatuta, beren sormen prozesuak garatzen dituzte, aberastasun handiko produktu poliedrikoa eta diziplina anitzekoa lortuz. Azken batean, erakusketa honek arteak gure garapen pertsonal eta sozialean duen garrantziari buruzko hausnarketarako espazio bat sortu nahi du, zentzu kritikoa aberasteko eta sorkuntzarekiko interesa eta gozamena handitzeko aukera emango digun ikaskuntza eta esperientzia bat sortuz.

Horrenbestez, erakusketa bisitatzeko aukera egongo da bihartik hasi eta urriaren 15era bitarte. Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara; igandean 12:00etatik 14:00etara; eta, larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak, berriz, bi egunetan egingo ditu partikularrentzat: bihar 18:00etatik 20:00etara, eta urriaren 14an 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Taldeek artistarekin harremanetan jarri beharko dute bisita gidatuak egiteko, www.xabierobeso.com edo xabierobeso@gmail.com  helbidera idatzita, edo 610-91 99 53 zenbakira idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide