Esther Ciudadek eta Juanjo Guillemek irekiko dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa Azkoitian

Ane Olaizola 2023ko urr. 4a, 11:50

Esther Ciudad eta Juanjo Guillem. (Azkoitiko Udala)

Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian izango da hitzordua, 20:00etan, eta bi musikariek Israel Lopez Estelche, György Ligeti eta Hermes Luaces konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa hasiko da datorren ostiralean, eta urriaren 28ra bitartean, organo hotsek hartuko dituzte Loiolako basilika zein Azkoitiko eta Bergarako parrokiak. Hain zuzen, zapatuan izango da Azkoitiko aurreneko kontzertua, eta Esther Ciudad organo jotzailea eta Juanjo Guillem perkusio jotzailea arduratuko dira Ama Birjinaren Jasokundearen parrokiako programa irekitzeaz.

20:00etan hasiko da kontzertua, eta bi musikariek Israel Lopez Estelche, György Ligeti eta Hermes Luaces konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Musikologoa, organista, tekla-interpretatzailea, programatzailea eta kultura kudeatzailea da Ciudad, eta oparoa da haren ibilbidea: besteak beste, Organoko eta Klabezineko espezialitateetako goi-mailako titulazioak ditu, baita Solfeoko eta Musikaren Teoria eta Musika Pedagogiako goi-mailako titulua ere. Musikologiako Masterra zein Interpretazioko Graduondoa ere baditu musikariak. Era berean, nazioarteko hainbat ziklotan eta biratan parte hartu du bakarlari zein ganberako interprete gisa. El Triunfo de Ariadna taldearen sortzailea, Las Cinco Villas musika jaialdiaren zuzendaria, Santa Engracia basilikako (Zaragoza, Espainia) organoaren nazioarteko zikloaren programatzaile eta koordinatzailea,  Zaragozako Adviento zikloaren zuzendaria eta Teruelgo (Espainia) Musika Kontserbatorio profesionaleko zuzendaria ere da.

Bestalde, Guillem perkusionista bakarlaria, orkestra musikaria, irakaslea, konpositorea eta ekoizlea da. Musikari polifazetikoa da, eta "erreferentea" bere arloan. Kontzertista gisa,  abangoardiako musikan aditua da eta Europan, Asian zein Amerikan eman ditu errezitaldiak. 1999tik, irakasle bakarlaria da Espainiako Orkestran, eta Perkusioko pedagogia saileko irakasle lanetan ere badabil Madrilgo Katerina Gurska goi mailako ikastetxean zein Alfonso X El Sabio unibertsitatean. Horrez gain, zuzendari artistikoa da Neopercusión taldean. Konpositore gisa pieza asko idatzi ditu, gehienak perkusiorako.

Erlazionatuak