Ez dut nahi

Iraia Oteiza 2023ko aza. 7a, 09:28

Iraia Oteiza kazetariak urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ez dut nahi'.

Beldurtuta nago. Beldurtuta eta kezkatuta. Robot batek zerbitzatu berri dit afaria jatetxe batean. Arraroa izan da, eta hotza. Konturatuko zineten honezkero, baina lanpostu asko eta asko makinengatik ordezkatu dituzte, izan zerbitzariak, banatzaileak, supermerkatuetako kutxazainak zein gasolindegietako langileak. Makinak gu baino hobeak izango dira, ziur. Ikusi bestela nork jarri duen Messi lehenengoz ingelesez hizketan; edo zenbat langilek egiten duten lan algoritmoen aginduetara. Pentsa, idazten ari naizen testu hau ere adimen artifizialaren esku utz nezakeen.

Zenbat aldatu diren gauzak denbora gutxian. Bat-batean, laurogeiko hamarkadako zientzia fikziozko film batean murgildu garela dirudi, eszena surrealista haiek egiaz bizitzera iritsi garelako. Eta, noski, orduko beldur eta kezka berberak itzuli zaizkigu: robot batek kontrolatuko ote gaitu etorkizunean?

Filosofia klasean entzun nuen lehen aldiz antropozentrismo hitza. Gizakia unibertsoan dagoen gauzarik garrantzitsuena dela dioen pentsamendua dela ikasi nuen orduan, hau da, ikuspegi horren arabera, ezer ez dagoela gizakiaren gainetik. Bada esango didazue non geratu den antropozentrismoa orain.

Adimen artifizialak eman digun ostikoak zenbait gogoeta egitera eraman nau. Alde batetik, ikara sortzen dit gizakiak hartu beharreko erabakiak beste norbaitek edo zerbaitek hartzen dituela jakiteak. Ez dakit, manipulagarriagoak garela iruditzen zait, gizaki eskasagoak.

Bestetik, informazio pertsonala dago. Badakigu adimen artifizialak gure miserien inguruko informazioa erraz lor dezakeela, baina noraino irits litezke datu horiek? Nire kontuen inguruan kontrol hori ez izateak urduri jartzen nau. Baina, bada are gehiago kezkatzen nauen hirugarren kontu bat ere: emozioena. Lan egiteari eta pentsatzeari uko egin ostean, sentitzeari ere utzi egingo al diogu? Ziur naiz nonbaiten sortzear dagoela gure ordez sentitzeko gai den makina ere, emozio artifiziala deiturikoa edo. Hori horrela, jada ez genuke ezer egin beharrik izango. A zer pagotxa!

Ez dut nahi nire ordez inork pentsatzerik; are gutxiago, nire ordez sentitzerik

Bada, argi esango dizuet: egoerak ez dit batere graziarik egiten. Ez dut nahi makina batek nire kazetaritza lana ordezkatzerik, ez eta jatetxe batera joan eta nire otordua robot batek ekartzerik ere. Supermerkatura joatean erosketak pertsona batek kobratzen jarraitzea nahiko nuke, eta bidaiatzen dudanetan ere moldatuko naiz euskara ez den beste hizkuntzaren batean komunikatzen, nire ordez hitz egingo duen inolako algoritmorik gabe. Ez dut nahi nire ordez inork pentsatzerik; are gutxiago, nire ordez sentitzerik. Ez dut nahi guztiz alfertu eta, ezer egitekorik gabe aspertuta, gizakia kontzeptu gisa desagertzerik. Ez dut nahi.