Herria mugitzera datoz 'hauek'

Unax LarraƱaga - Urtzi Oteiza 2023ko ira. 29a, 10:30

Azkoitiko bost gaztek osatu berri dute Hauek taldea. "Gogotsu" daude bideari ekiteko, eta lehen kontzertua emango dute gaur, 22:30ean, Azkoitiko Elkargunean.

"Zein dira hauek?". Guztien buruan sortu da galdera hori, kontzertua iragartzen duten kartelak ikusitakoan. "Hauek" dio kartelak, eta Elkargunean jartzen du dela hitzordua, gaur, 22:30ean.

Ion Elorza, Beñat Ucin, Imanol Miranda, Unai Izagirre eta Ander Etxeberria dira taldea osatzen duten kideak. Azkoitiarrak eta "saltseroak" dira bostak, eta musikaren arloan zerbait sortzeko gogoz elkartu dira.

Musikaren munduan aurretik nolabaiteko esperientzia dute bostek. Ucin eta Etxeberria Azkoitiko bandako kideak izandakoak dira, Izagirre trikiti eta bertso munduan jardundakoa da, Miranda hainbat taldetan jotakoa da, eta Elorzak "Olaberrineko karaokean" ikasi du abesten, nahiz eta taldekideek barre egin dioten hori esandakoan.

Duela zazpi urtetik dator taldea osatzearen ideia; Elorzak eta Izagirrek Txalintxo tabernan egin zuten Txalintxou deituriko emanaldiaren ondoren erabaki zuten musika sortzea nahi zutela. "Urteak aurrera joan eta elkarren zain egon ondoren, erabaki genuen bazela garaia zerbait egiten hasteko. Taldekideak bilatu genituen, eta horrela elkartu gara bostok", azaldu du Izagirrek.

Pilotari Eguneko kanta izan zen taldeak kaleratu zuen lehen abestia. "Preparau praka txurixek, hemen den pelotai eune!" aldarri zutela estreinatu ziren azkoitiarrak, dultzaina zein trikiti doinuak uztartuz. Hurrengo kanten norabideaz mintzatzerakoan, desberdinak izango direla diote taldekideek. "Pilotari Eguneko kanta herri girora edota festara bideratutako abestia izan zen, eta ukitu folkloriko hori emateko erabili genituen dultzaina zein trikitia. Bertsio bat zen kanta hori; beraz, orain gitarrekin, baxuarekin eta bateriarekin beste mota bateko musika jorratuko dugu". Taldekoek diote "guztiz desberdina" izango dela. Urte asko daramatzate azkoitiarrek taldean jotzen, eta bertsioekin hasi baziren ere, kanta ugari konposatu dituzte urte hauetan zehar. Horietako asko baztertu dituzte bidean, baina gaurko kontzerturako hamairu kanta propio eta bertsio bat prestatu dituztela aurreratu dute taldekideek.

"Jende askok galdetzen digu zer soinu mota bilatu dugun, eta zaila da erantzutea", esan du Izagirrek. "Egia da, instrumentu aldetik, rockeroak garela esan daitekeela eta arlo horretatik jotzen dugula, baina kanta batetik bestera ere asko aldatzen da estiloa".

Esperientzia berriak

Udaberrian grabatu zuten Pilotari Eguneko kanta, eta estudio barruko lehen esperientzia izan zen hura taldekideentzat. "Lan gogorra" egin zitzaien taldekoei, astebetez egunero estudiora joanez pasatu zituzten arratsaldeak, eta "denbora" nahiz "pazientzia" ugari eskaini zioten grabaketari.

Lehen zuzenekoari begira, entsegu ugari egin dituzte. Kantuen aukeraketa egin behar izan dute, eta uda amaieratik kontzertua prestatzen ari direla esan dute. "Ardura moduko bat sentitzen dugu orain, kontzertua eman behar dugunean; bertaratzen direnei ikuskizun duin bat eskaini nahi diegu. Baina, nik uste, geuk gozatuz gero, besteei ere transmitituko diegula gure umorea", azaldu du Izagirrek. "Bertigo kutsu bat" sentitzen dutela esan du Ucinek. "Hala ere, ostirala eta ordu hori izanik nik uste animatuta egongo dela jendea".

Familiakoak, kuadrillakoak eta bestelako lagun ugari bertaratuko direla aurreikusi dute, eta giro ederra sortuko dela espero dute Hauek taldekoek. Aretoko sarrera guztiak agortu dituzte; 350 sarrera inguru, hain zuzen ere.

Kontzertuaren ondoren, etorkizun batean, kantak grabatzeko asmoa ere adierazi dute Hauek taldeko kideek; hala ere, ez dute hori oso gertu ikusten. «Pilotari Eguneko abestiarekin ikusi genuen ez zela batere erraza kanta bat estudioan grabatzea; beraz disko bat grabatzeko baliabideak izatea eta behar duen denbora eskaintzea ez da oso erraza izango», esan du Ucinek. "Hala ere, kanta sorta hau bildu dugula ikusita, hurrengo pausoa izan daiteke disko bat grabatzea". "Oraindik ez Durangoko Azokara begira, baina..." esan du Elorzak, txantxetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide