Azkoitian jokatuko dute Plazaz Plaza pilota txapelketaren finala, larunbatean

Ane Olaizola 2023ko ira. 26a, 12:03
Goiko Losa frontoia. (Ane Olaizola)

Zabaleta-Mujika eta Iturriaga-R. Larramendi bikoteak lehiatuko dira Ados Pilota elkarteak hirugarrenez antolatu duen txapelketaren finalean. 19:00etan hasiko da finala, eta aurretik umeen pilota partidak izango dira.

Ados Pilota elkarteak hirugarrenez antolatutako Plazaz Plaza txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean Azkoitian. Zabaleta eta Mujikak eta Iturriaga eta R. Larramendik osatutako bikotea arituko da nor baino nor lehian, 19:00etan, Goiko Losa frontoian.

Joan zen larunbatean, hilaren 23an, jokatu zuten txapelketako bigarren finalerdia Etxaurin (Nafarroa), eta orduan geratu zen erabakita nortzuk izango ziren bi bikote finalistak. Nafarroara joango dira, beraz, Plazaz Plaza txapelketaren aurtengo txapelak, leitzarrak eta eulatearrak baitira bi bikoteak.

Bestalde, finaleko partida hasi baino lehen ere pilotak hartuko du tartea Goiko Losan. Izan ere, 18:00etatik aurrera neskatoen pilota partidak izango dira han.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide