Sakelako telefonoak eta pantailak, guraso askoren kezka iturri

Iraia Oteiza 2023ko ira. 21a, 10:01
Guraso Elkarteen Mahaiko kideak, irailaren 27ko hitzaldi-solasaldiko kartela eskuetan. (Iraia Oteiza)

Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaia kezkatuta dago haurren eskuko telefonoaren erabilera dela eta. Bidelagun sarearekin batera, gurasoentzat lagungarri diren ekintzak antolatu ditu.

Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaiak aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Iazko irailean sortu zuten sarea herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek –Xabier Munibe Ikastolako Udaberri guraso elkarteak, Floreaga Salestar Ikastetxeko Elkarrekin guraso elkarteak eta Bizilore Eskola Aktiboko Kukuherri guraso elkarteak–, seme-alaben heziketari lotutako kezkak partekatzeko eta irtenbide egokiak aurkitzeko. Orduz geroztik egin dituzten bileretan, kezka iturri nagusi bat identifikatu dute: gaztetxoek eskuko telefonoarekin duten erabilera. Hain zuzen, horixe izan da taldeak landu duen lehen kontua.

Bereziki, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako umeengan jarri dute arreta, adin tarte horretan atzeman dutelako telefonoei eta pantailei lotuta arazo gehien. "Seme-alabei lotuta kezkatzen gaituzten gaietako batzuk ikastetxeen esku uzten ditugu, baina sakelako telefonoena gurasook landu beharrezko zerbait da. Horregatik ari gara Guraso Elkarteen Mahaian lantzen", adierazi dute mahaia osatzen duten kideek. 

Bidelagun sarea, lagungarri

Behin kezka mahai gainean, informazio bila aritu ziren mahaiko kideak, eta eskualdeko zenbait herritan gaia landua zutela ikusita, Bidelagun proiektuarekin jarri ziren harremanetan. "Kezka identifikatu genuen, baina Bidelagun izan da aurrerapausoak ematen lagundu diguna", nabarmendu dute. 

Bidelagun izeneko sareak haurren hazkuntzaren eta heziketaren inguruko zenbait gai jorratzen ditu guraso zein hezitzaileekin, bizi kalitatea eta garapen pertsonala hobetzeko. Miren Ros dago proiektuaren oinarrian, eta hain zuzen ere, hura izan da taldeari sakelako telefonoaren inguruko ekimena aurrera ateratzen lagundu dion aditua. Azkoitiko Udalaren laguntza ere jaso dute sarearekin bat egin eta proiektua gauzatzeko.

Lehen pauso bezala eta Bidelagun sarearen aholkuz, inkesta bat egin zuten urte hasieran. Ikastetxe bakoitzetik bideratu zuten galdetegia, eta mahaiko kideek jakinarazi dutenaren arabera, parte hartze "handia" izan zen.

Zenbait ondorio atera zituzten inkesta hartatik: nagusiena izan zen seme-alabek eskuko telefonoarekin duten loturak kezka eragiten diela guraso gehienei. Are gehiago, telefonoaren erabilerak lagunekiko eta gurasoekiko harremanetan eragin zuzena duela iruditzen zaie: "Askotan, gizarteak bultzatuta ematen diegu eskuko telefonoa, lagunekin dituzten harremanetan baztertuta geldituko ote diren beldurrez", diote. Hori dela eta, batzuetan sakelakoa "nahi baino lehenago" ematen dietela aitortu dute, nahiz eta telefonoaren erabilera goiztiarrari onura baino galera gehiago ikusten dizkioten. 

Inkestaren emaitzak aztertuta, zenbait helburu ezarri dituzte. Eskuko telefonoa izateko adina atzeratzea litzateke horietako bat, eta sakelakoaren erabilerari buruzko hausnarketa egitea beste bat. Hausnarketa horretan, gailu eta erabilera konkretuak zehaztu beharko liratekeela uste dute, gailu bakoitzaren erabilera egokiak eta desegokiak hobeto ulertzeko asmoz. Helburuak zehaztuta, orain horiek aurrera eramateko lanean dihardu Guraso Elkarteen Mahaiak. 

Hurrengo pausoak

Behin kezka identifikatu, inkesta egin eta helburuak zehaztuta, beste ekintza batzuk antolatu ditu Guraso Elkarteen Mahaiak. Irailaren 27rako, Gazteak eta mugikorrak: zer egin dezakegu familiok? hitzaldi-solasaldia antolatu du; Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, 18:30ean. Miren Ros Bidelagun sarearen arduraduna izango da ekitaldia zuzentzen. Ele bitan izango da saioa, eta antolatzaileek guraso oro gonbidatu dute bertan parte hartzera, telefonoei lotutako kezkak arintzen lagunduko dielako saioak bertaratzen direnei. 

Hurrengo hitzordua urriaren 11n izatea espero dute, talde eragilearen dinamizazioa izango baita orduan. Azaroaren 8rako, aldiz, gaiari lotutako tailerrak antolatu dituzte. 

Ekintzok gurasoentzat baliagarriak izango direla adierazi dute kideek: "Kezka, izan, badugu, baina egoerari aurre egiteko tresnak falta zaizkigu. Ekimenak baliabide horiek izaten lagunduko digu", azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide