Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Sara Ramos: "Denbora asko eskatzen du negozioak, eta, beraz, gogoa eta ilusioa ezinbestekoak dira"

Erredakzioa 2023ko ira. 21a, 20:06

Txikitako ametsa egi bihurtu zuen Sara Ramosek maiatzean; SR Estudio de Belleza zabaldu zuen Azpeitiko Loiolako Inazio Hiribideko 41 zenbakian. Orrazkerak, azazkalak eta makillajea dira zentro berriaren berezitasunak.

Nola sortu da SR Estudio de Belleza?

Txikitatik garbi izan dut edertasun arloan lan egin nahi nuela. Gainera, neure estudio edo zentro propioarekin amestu izan dut. Gauzak horrela, nire ikasketak arlo horretara bideratu nituen, horiek amaituta, eta leku desberdinetan lan eskarmentua hartu ondoren, unea iritsi zitzaidala sentitu nuen.

Nola joan da prozesua? Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Erabakia hartuta, Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo nuen, eta prozesua espero nuena baino zailagoa izan da.Saltokia non ireki, produktuak aukeratu... batez ere, epe motzean nahi nuelako martxan hasi, eta horrelako gauzek beren bidea egin behar dute. Erraza ez dela eta bere denbora behar duela ikasi dut. Eskerrak Iraurgi Berritzenek jarraitu beharreko pausoak adierazten dizkizun. Are gehiago, denda irekita, oraindik harremanetan jarraitzen dugu.

"Lan asko izan dut, eta ez nuen espero horrelako hasiera ona izatea. Oso gustura nago ordea, eta eskertzekoa izan da bezeroek eman didaten berotasuna eta babesa"

Enpresa plana garatu zenuen edota formakuntzaren batean parte hartu zenuen?

Nire kasuan enpresa plana garatu nuen, Iraurgi Berritzenek eta aholkularitzak lagundu zidaten, eta izan zezakeen etorkizuna eta aukerak ikusteko aukera izan nuen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu? Eta nola?

SR Estudio de Belleza abian jartzeko eta aurrera eramateko gai izango ote nintzen jakitea edo pentsatzea izan da beldur nagusia. Ni bakarrik naizelako. Baina egia da etxekoek eta gertukoek beren laguntza eman didatela, eta horrela, dena errazago izan da.

Maiatzean zabaldu zenuen edertasun zentroa. Orain arteko balorazioa positiboa al da?

Bai, oso ondo doa. Lan asko izan dut, eta ez nuen espero horrelako hasiera ona izatea. Oso gustura nago ordea, eta eskertzekoa izan da bezeroek eman didaten berotasuna eta babesa.

                                    

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Desabantaila nagusia bakarrik nagoela dela esango nuke, eta ondorioz, egun batean gaixo esnatuz gero, ez nuke inor izango negozioarekin jarraitzeko. Horrez gain, izapide kontuak ondo eraman behar dituzu, buruhauste asko dituzu... Aldiz, abantaila nire gustuko lana dela da, nik nahi dudan moduan eramaten ari naizela, eta gustuko lekuan ari naizela.

Desabantailetako bat bakarrik egotea dela esan duzu, aurrera begirako asmoetan lantaldea handitzea duzu?

Zalantzarik gabe. Lantaldea handitzeaz gain, zentroa bera ere handitzea gustatuko litzaidake. Bestalde, ideia eta lan egiteko modu berrien inguruko formakuntzarekin jarraitu nahi dut. Bezeroei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaini nahi diet, eta horretarako, ikastaro eta saio berrietan parte hartuko dut. Une honetan, adibidez, ezkontzetarako orrazketen eta makillajearen formakuntza saioetan nabil.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Ez gelditzeko gogoarekin, sentitzen edo hori nahi badute, pausoa emateko esango nieke. Etxean beti esan didate saiatzeko, gero ez bada ondo irteten, saiatu izanaren sentsazioa geldituko zaizu. Baina ez bazara saiatzen, beti geratuko zaizu ez saiatu izanarena, eta hori, okerragoa da. Hori bai, negozio bat abian jartzeko oso garbi izan behar du, eta gogo betean ekin. Denbora asko eskatzen du negozioak, eta hala eskaini behar zaio, beraz, gogoa eta ilusioa ezinbestekoak dira. Gainera, zerbait ez jakinez gero, dakitenei edo gertukoei galdetzen ere jakin behar da.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.