Gutuna

Udaltzaingoaren jarrera hertsia eta harroa

Oier Saizar 2023ko ira. 15a, 16:28

Oier Saizarrek honako gutun hau bidali du Maxixatzenera, Udaltzainen "jarrera hertsia eta harroa" salatzeko asmoz:

Garai batean, telefono eta pantailen eraginik ez zegoenean, herriko frontoietan pilotan, futbolean, goman, harrapaketan... jolasten genuen. Era berean, ahal zuenak bizikleta bat zeukan eta herrian barna ibiltzen ginen. A ze zoriontasuna!

Orduan ere baziren arriskuak, bai noski, gaur egungo saihesbiderik ez baitzegoen, eta trafiko astuna izaten baitzen herrigunean. Orain, gure mesederako, herrigune ia guztiak oinezkoentzat jarrita daude (Azkoitikoa izan ezik), eta gure osasuna zaintzeko asmotan, erakundeek bizikletan ibiltzea gomendatzen digute, autoa saihestuz.

Elkarbizitza hobetzeko asmoz ere arau berriak ezarri dizkigute, eta horiek betetzearen arduradunak herritarrak gara. Baina onartezina da azkenaldian Udaltzaingoak hartu duen jarrera hertsia eta harroa: isunak nonahi jartzen dituzte, eskola orduetan zebrabideetan itxoiten dauden haurrak ikaratuta dituzte (beraien errietak tarteko) eta polizia oldarkor bat bailitzan NAN agiria eskatzen digute herritarrei. Azken gertaera Udaltzaingoaren autoa zebrabidean ez geratzea izan zen. Errua onartu ordez, harrokeriaz "saque el DNI" erantzun zidaten. Ondoren, "tienes que cruzar el paso de cebra andando con la bici en la mano". Momentuko berotasuna igarota, nire akatsa onartzen dut, baina agintearen gehiegikeria, ez. Umiltasun gehiago, mesedez. Udaltzain estimatua, arauak patxadaz azaldu eta irakasten dira, eta horiek barneratzeko denbora behar da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide