Igor Zubeldia: "Reala ez litzateke ezer izango harrobiko jokalaririk gabe"

Jabi Gonzalez Toston - Urtzi Oteiza 2023ko ira. 15a, 10:53

Une gozoan da Igor Zubeldia (Azkoitia, 1997) Realeko futbolaria. Kontratua berritu du, aita izan da, eta Txapeldunen Liga jokatuko du lehenengoz. Ez da konformatzen, ordea; beste titulu bat nahi du.

Urte berezia ari da izaten zuretzat 2023a, kirol arloan ez ezik, baita maila pertsonalean ere. Nola ari zara bizitzen hori guztia?

Halaxe ari da izaten, bai. Kirol arloan, talde bezala lor daitekeen helburu handienetakoa betetzea lortu dugu Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratuta, eta kontratua berritzeko aukera ere izan dut. Oso pozik nago. Horrez gain, aita izan naiz, apirilean jaio zen gure alaba, eta orain arte bizi izan dudan gauzarik bereziena izan da hori. Haurra duzunean, gainerako guztia bigarren maila batean geratzen da, nahiz eta, noski, futbolari ere ematen diodan garrantzia. 

Nola uztartzen da goi mailako kirola eta guraso izatea?

Alaba jaio aurretik askok esaten zidaten nire bizimodua izugarri aldatuko zela, eta jakitun nintzen horretaz. Dena den, banekien nire bizi eredua ez zela erabat aldatuko; izan ere, aita izan aurretik lagunekin egoteko tarteak hartzen banituen ere, ez nuen askorik irteteko aukerarik. Goizetan entrenamenduak ditut, ondoren atseden hartzen dut, asteburuetan partidak... Nolanahi ere, aldaketak izan dira, noski, etxean beste ardura bat dudalako orain eta ezin dudalako nahi dudan guztia egin, baina gozatzen ari naiz horrekin ere. Zer esanik ez egun txarra dudanean edo partida txarra egin dudanean, izan ere, etxera iritsi eta txikiari aurpegira begiratzean, txar horiek guztiak pasatu egiten dira. Botiketan ez dago hori gaindituko duen sendagairik.

Hemendik aurrera, hiru egunetik behin jokatu beharko dituzu partidak Txapeldunen Liga dela eta. Horretarako gogoa ere izango duzu, ezta?

Bai. Erronka berria dugu aurten esku artean. Taldekide gehienontzat txapelketa berria da, eta oso gogotsu gaude Anoetan Txapeldunen Ligako ereserki berezi hori entzuteko eta ikusteko zer egiteko gai garen munduko futbol talde onenen aurka.

Edonola ere, ezin esan taldeko jokalariontzat berria izango denik Europa mailan lehiatzea.

Aurreko hiru denboraldietan Europa ligan aritu gara eta badugu esperientzia, baina aurtengoa oso desberdina izango da. Beste koska bat edo bi egingo ditugu gora. Hala ere, seguru nago guk gure lana egiten badugu emaitza onak lortzetik gertu ibiliko garela. 

Harrobiaren aldeko apustua eginda lortu du Realak Europara sailkatzea urte hauetan guztietan. Aurten, ordea, kanpoko jokalari ugari fitxatu ditu klubak erronka berriaren aurrean. Nola ikusten duzue hori etxeko jokalariok?

Klubaren gauza da hori. Dena den, harrobiko jokalari asko gaude oraindik lehen taldean. Izango dira partidak zeinetan kanpoko jokalari gehiago zelairatuko diren harrobikoak baino, baina ez diogu gehiegi begiratzen horri, helburua beti izan delako irabaztea. Horregatik, uste dut onenek edo momentuan maila onenean daudenek jokatu behar dutela, betiere, kontuan hartuta nondik gatozen, zer garen, eta zer nahi dugun. Uste dut Realak duen gauza garrantzitsuena dela harrobia, ez litzatekeelako ezer izango bertan hazten diren jokalaririk gabe. Gainera, uste dut zaleek ere balio bikoitza ematen diotela lortzen ari garen guztiari, bertako jokalariekin ari garelako lortzen.

Harrobiaren aldeko apustu horren isla ere bada zuri kontratua berritzea. 2029ra arte sinatu duzu hitzarmena. 

Oso eskertuta nago klubak, entrenatzaileak eta haren laguntzaile talde osoak egunerokoan helarazi didaten konfiantzagatik, eta asko eskertzen diet taldekide guztiei ere, haiek gabe hau ez litzatekeelako posible izango. Horrez gain, uste dut nik ere erakutsi dudala lehen mailako futbol jokalaria izateko balio dudala eta horregatik iritsi zaidala saria.

2016an egin zenuen debuta, eta berrehun partidatik gora jokatu dituzu jada. Epe horretan postuz ere aldatu zara, zelai erdian jokatzen hasi baitzinen, eta atzelaria baitzara orain.

Bai. Denbora dezente igaro da aldaketa hartatik, baina egia da hasieran banituela zalantzak ea balioko ote nuen postu horretan jokatzeko. Dena den, denborak aurrera egin ahala erosoago sentitu naiz, eta erabateko konfiantzarekin aritzen naiz. Azken finean, egunero postu jakin batean entrenatzen baduzu, ohitura jakin batzuk hartzen dituzu. Horregatik, erdiko atzelaritzat dut neure burua jada, eta zelai erdira aldatuko banindute berriro, bertara egokitzeko entrenatu beharko nuke.

Igor Zubeldia, Txerloian. (Jabi  Gonzalez Toston)

Oso gazte utzi zenuen Anaitasuna Realera joateko. Baduzu Txerloira joateko ohiturarik herriko taldeak animatzera?

Aspaldian gutxitan joan naiz, etxean lan gehiago dudalako orain. Dena den, noiz edo noiz bertaratu izan naiz. Bihotzean daramat taldea, eta bertan jokatzen duten lagunak ditut.

12 urterekin iritsi zinen Realera, eta 26 dituzu orain. Gutxienez, beste bosterako duzu kontratua sinatuta, gainera. Atzera begiratu eta nola ikusten duzu egindako bidea?

Debuteko eguna oso berezia izan zen niretzat, bertan hasi zelako nire ibilbidea lehenengo taldearekin eta gaur egun ere bertan jarraitzen dudalako. Oso pozik nago ordutik lortu dudan guztiagatik, ez bainuen uste Realarekin titulu bat izango nuenik, Europa ligara hiru urtez jarraian sailkatuko nintzenik eta laugarrenean Txapeldunen Liga jokatuko nuenik. Aurrerantzean gauza gehiago ere lortu nahi nituzke, noski, baina ezin naiz kexatu. Zorteduna sentitzen naiz. 

Realarekin lortutako Errege Kopako titulua aipatu duzu. Osorik jokatu zenuen Athleticen aurkako final hura. Nola gogoratzen duzu?

Hainbat oroitzapen ahaztuta ditut, baina onenak ongi gordeta daude. Arantzatxoa ere badugu gure zaleek ezin izan zutelako bertan egon pandemia zela eta. Horregatik, beste tituluren bat irabazi nahiko genuke, garaikurra haien aurrean altxatzeko. 

Eta zein dira hain borobila izaten ari den urte honi begira dituzun erronka nagusiak?

Ez naiz jarri horretan pentsatzen, baina nire helburu nagusia da jarraipena ematea orain arte egin dudan lanari, pertsonalki nahiz kolektiboki hobetzeko. Emaitzak askotan ez daude gure esku, baina norberaren lana bai, eta ahal dudan ondoen egiten ahaleginduko naiz. 

Norberaren lan ona saritzen dutenak selekzioaren deiak izaten dira askotan. Datorren urtean Europako Txapelketan izan nahiko al zenuke?

Sekula ez dut helburutzat izan Espainiako selekzioaren deia jasotzea, oso urrun ikusten nuelako. Egia da bai aurreko denboraldian eta bai honetan aurretiazko zerrendetan sartu nautela eta izan ditudala aukerak deialdietan egoteko. Niretzat gehigarria da hori, gauzak ongi egiten ari naizen seinale delako, baina nire helburua beti izan da nire taldeari irabazten laguntzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide