Hizkuntza Eskolak zabaldu du datorren ikasturterako izen-ematea

Ane Olaizola 2023ko ira. 13a, 15:32

Ingelesa eta frantsesa irakatsiko dituzte datorren ikasturtean Gaztanenean, eta irailaren 18an amaituko da matrikulazioaren lehenengo deialdia. Internetez eman behar da izena.

Hizkuntza Eskola Ofizialak zabaldu du datorren ikasturterako matrikulazio epea, eta Azkoitiko gela desplazatuetan ere eman daiteke izena dagoeneko. Aurten, ingelesa eta frantsesa irakatsiko dute Gaztanenean, eta eskaera egiteko lehen fasea hurrengo astelehenean, hilaren 18an, amaituko da, 13:00etan.

Ingelesari dagokionez, B1etik C1era arteko mailak eskainiko dituzte, eta frantsesari dagokionez, A1 eta B2.2 maila artekoak. Aurrez aurreko eskolak izango dira, baina ingeleseko B2.2 maila erdi presentzialki egiteko aukera ere badago. Udalak azaldu du datorren ikasturtean ez dutela alemana irakatsiko, aurreko urteetako ez delako egon nahikoa eskari. Dena den, hurrengo ikasturterako ikasgai hori berreskuratzeko asmoa dute.

Hilaren 18an amaituko da izen-ematea, eta onartuen zein baztertuen behin-behineko zerrendak hilaren 20an argitaratuko dituzte. Era berean, irailaren 18tik urriaren 6ra bitartean ere matrikulatu ahal izango da, eta plaza hutsik balego, bigarren esleipenean hartuko lukete hura. Guztira, 11 talde osatuko dira, eta 220 pertsona ingururentzat lekua izango da.

Online eman behar da izena, Ikasgunearen bidez. Ikasturte osorako prezioa, berriz, 72,36 eurokoa da. Informazio gehiago, berriz, 943-89 92 75 telefono zenbakira deituta edo eoieibarheo@gmail.com helbide elektronikora idatzita lor daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide