Emakumeak ahalduntzeko hainbat ikastaro prestatu ditu udalak

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 8a, 12:45

Xilografia tailerra.

Abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du Azkoitiko Udalak, eta irailaren 26ra arte zabaldu du izena emateko epea. Berritasun moduan, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa eskainiko dute aurten.

Ikasturte berriarekin batera, Azkoitiko Udaleko Berdintasun arloak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditu, eta horietan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du, irailaren 26ra arte. Abendura bitartean, askotariko sei tailer eskainiko dituzte herrian; gehienak aurreko urteetan eskaini izan dituztenak dira, baina berrikuntza bat izango da aurten: zoru pelbikoa indartzeko tailerra. Gainontzeko tailerrak, berriz, honakoak izango dira: erditu ondorengo yoga ikastaroa, Batukada feminista, Berdintasuna trikotatzen, xilografia, eta Hitz ahalduntzen.

"Ikastaroak emakumeen topaguneak dira, ahalduntzeko guneak, eta horien
helburu nagusia elkarrizketari eta hazkunde pertsonalari denbora eskaintzea
da, eremu jakin batean trebatzetik edo ezagutza eskuratzetik haratago", adierazi du Azkoitiko Udalak.

Ikastaro gehienak Elkargunean emango dira, bi ezik. Xilografiakoa Kultur
Etxean izango da, eta batukadako saioak Xabier Munibe Ikastolan eta Azpeitian
izango dira, txandaka.

Parte hartu nahi duten emakumeek izena eman dezakete berdintasuna@azkoitia.eus edo azkoitia@azkoitia.eus helbideetara idatzita, edota 943 54 20 14 - 943 08 00 80 telefonoetara deituta. Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan ere eman daiteke izena aurrez aurre.

Hona hemen ikasturte honetan egingo diren ikastaroak eta ordutegiak:

  • Erditu ondorengo yoga ikastaroa. Irailaren 11tik abenduaren 18ra. Astelehenetan, 18:30etik 20:00etara.
  • Zoru pelbikoa indartzeko tailerra. Urriaren 19tik azaroaren 23ra. Ostegunetan, 15:15etik 16:30era.
  • Batukada feminista. Urriaren 9tik abenduaren 18ra. Astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara.
  • Berdintasuna trikotatzen. Irailaren 25etik azaroaren 24ra. Astelehen eta ostiraletan, 15:15etik 16:45era.
  • Xilografia. Urriaren 4tik azaroaren 15era. Asteazkenetan, 18:00etatik
    20:00etara.
  • Hitz ahalduntzen. Urriaren 4tik abenduaren 21era. Asteazken eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara.