Women Mediterranean Stages campusak dozenaka txirrindulari elkartuko ditu Azkoitian

Ane Olaizola 2023ko ira. 5a, 09:38

Hainbat txirrindulari, irteera batean. (Bikefriendly)

Emakume txirrindularien campusa egingo dute ostiraletik igandera bitartean Abaraxkan. Besteak beste, entrenamendu saioak eta hitzaldiak izango dituzte han elkartzen direnek.

Emakume txirrindulariek Women Mediterranean Stages campusa egingo dute datorren asteburuan Azkoitian, eta txirrindularitzan sakondu nahi duten dozenaka txirrindulari elkartuko dira Abaraxka aterpetxean, askotariko jarduerak egiteko asmoz.

Ostiraletik igandera bitartean, txirrindularitzan duten "abilezia eta ahalmena hobetu" nahi duten emakumeei propio prestatutako entrenamendu saioak egingo dituzte Azkoitiko egonaldian, eta horrez gain, ibilbide berriak ezagutzeko parada izango dute bizikleta gainean.

Bikefriendly etxeak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako egitasmoa da Women Mediterranean Stages campusa, eta zenbait txirrindulari liderren zein entrenamenduan, nutrizioan eta biomekanikan aditu direnen lankidetza du. Udalak azaldu duenez, campusaren helburua da emakumeen artean kirola sustatzea, profesionalak ez diren txirrindulariak ahalduntzen laguntzea eta hango zein hemengo emakume txirrindulariak elkar ezagutzeko sareak eta espazioak sortzea. Ildo horretan, Udaleko Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak ostiralean harrera egingo dio taldeari Abaraxkan.

Era berean, larunbatean eta igandean irteera bana egingo dute Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat txokotan. Larunbatean, esaterako, 100 kilometroko ibilbidea egingo dute Elgoibar,  Markina, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Deba, Itziar, Zumaia, Zestoa eta Azpeitia zeharkatuz. Arratsaldean, gainera, hitzaldia izango da Bizikletaren mekanika, helburuen
araberako entrenamendua eta elikadura gaitzat hartuta.

Igandean, bestalde, 72 kilometroko beste irteera bat egingo dute Goierri aldera. Kasu horretan, Nuarbe, Mandubia, Ormaiztegi, Atagoiti, Udana, Udana, Legazpi eta Zumarraga zeharkatuko dituzte.