Gutuna

Ikusmen arazoak?

Irene Elortza 2023ko ira. 4a, 12:51

Garaje parean aparkatutako autoa. (Irene Elortza)

Irene Elortzak honako gutun hau idatzi du, garajeen kanpoaldean izaten duten arazoaren harira.

Hilabeteak dira udaltzaingora deitzen hasi ginela. Ibaiondo 1-3-5 garajeetako jabeok arazo bat daukagu auto batekin. Asteak joan eta asteak etorri BMW bat agertzen da garajearen sarrera oztopatzen. Gehienetan autoaren herenak edo erdiak egiten du traba. Batzuetan justu-justu uzten digu garajera sartzen eta bertatik ateratzen. Bihurgunea zabal hartuta sar gaitezke; itsu-itsuan muturra aurreratzen ateratzen gara. Arriskuan jartzen gaitu, beraz, eta haserrea eragiten digu. Laburtuz: antojua ematen du!

Aspalditik dator arazoa eta aspalditik ari gera kexuka. Nik neuk telefonoz deitu izan dut Udaltzaingora behin baino gehiagotan, baina ez nago oso ziur udaltzainek inoiz serio hartu duten auzia. Zergatik diot hau? Batetik, azken aurreko aldian, euren bulegora jo nuelako (argazki eta guzti) eta “abisatuko” ziotela esan zidatelako, jarraian autoaren jabearengana joan zirelarik, nire muturraren aurrean. Noiztik abisatzen zaio araua behin eta berriz hausten duen norbaiti? Bestetik, honengatik diot: lau, bost, sei aldiz araua hautsi duela udaltzainei jakinarazi ondoren pertsona horrek araua hausten jarraitzen badu, aukera hauek bururatzen zaizkit: A) isunik ez du jaso, edo, B) arau-hausleak diru asko dauka isunak ordaintzeko eta, honenbestez, legeari burla egiten dio eta utzi egiten diote. A aukerak eroskeria iradokitzen du; B aukerak ere bai (eta arau-hauslearen aldetik, baita harrokeria eta zibismo gabezia ere).

(*Portzierto, non da azkoitiarrek garesti ordaindu genuen garabi dotore hura?).

Garajetako udako bileran BMWaren gaia atera zenean, denek zekiten nor zen ditxosozko autoaren jabea. “Optikakoa!”, esan zuten batek baino gehiagok. Hau da, arazoa aspaldikoa da, ezaguna da eta salatuta dago.

Bada, optikakoak muga guztiak gainditu eta, denborarekin eta inpunitatearekin irabazi duen botereaz baliatuta, garajearen sarbidearen erdi-erdian aparkatu zuen auto liraina joan den ostiralean. Ordu laurden luzez eduki gintuen Ibaiondo 1-3-5 garajetako lau bizilagun bere zain. Bi, kotxe banatan sartzera gindoazenak; beste bi, tartean ume txiki bat, autoa garajetik atera ezinda geratu zirenak. Egoerak eskuetatik alde egin zion, beraz, eta hor bukatu genuen bizilagunok, udaltzainak eta paretik pasatzen ari ziren hainbat herritar kuxkuxerok optikako pribilegiatuaren zain, noiz azalduko. Ezagutzeko gogoa (edo) bagenuen ordurako. Halako batean iritsi zen, porrua baino freskoago. Gure erretolika entzun, arrazoia eman, baina barkamenik eskatu ez eta han joan zen, udaltzainek pasilloa eginda.

Gomendio bat optikako emakumearentzat: bere autoa baino handiagoa den lurrean horiz margotutako laukia ikusteko arazoak baditu, herrian beste bi optika daude ikusmena aztertzeko: Izpi eta Ostadar. Bat Ibaiondo kalean bertan dago; bestea, oso gertu, miope batek ikusteko moduan.