40. Inazio Iriarte margo lehiaketako lanak, Portaleburun ikusgai

Iraia Oteiza 2023ko ira. 2a, 16:35

Irailaren 17ra arte egongo da erakusketa ikusgai. Ostiraletan, erakusketaren ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.

Inazio Iriarte margo lehiaketako 40. edizioko lanekin ireki da Portaleburu erakusketa aretoa. Abuztuaren 17an, Andremarietako Baserritarren egunean egin zen margo lehiaketan parte hartu zuten 23 margolarien lanak egongo dira bertan ikusgai irailaren 17ra arte.

Azkoitia gaitzat hartuta aurkeztu zituzten margolanak parte hartzaileek, eta Caceresko (Espainia) Federico Plasenciak eskuratu zuen lehen saria, "modernoa izateagatik eta bere enkoadraketagatik eta argi-jokoarengatik". Bigarren saria Jose Miguel Arranz erandiotarrak (Bizkaia) irabazi zuen, eta hirugarren saria herrian geratu zen, Azkoitiko bizilaguna den Iñigo Borda azpeitiarrak eskuratu baitzuen.

Lehiaketako lan guztiak Portaleburun egongo dira ikusgai ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara, irailaren 17ra arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide