Idoia Uranga: "Polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea"

Andoni Elduaien (Gipuzkoako Hitza) 2023ko ira. 1a, 16:04

Idoia Uranga, Baztartxo aretoaren aurrean. (Andoni Elduaien)

ETB1eko Go!azen telesaileko aktoreen zuzendari lanak egiten ari da azken urteetan Idoia Uranga, eta baita Segurako antzerki talde bat zuzentzen ere. Goenkale telesailean egin zen ezagun, Beatrizen rolean. Gipuzkoako Hitza astekarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

ETB1eko Goenkale telesailean egin zen ezagun Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Telesail haren ibilbidea amaitu zenetik urteak igaro diren arren, gaur egun ere telebistaren munduari hertsiki lotua jarraitzen du Arraldeko Beatriz izan zenak. Hainbat produkziotan jardun ostean, azken urteetan ETB1eko Go!azen telesaileko aktoreen zuzendari lana egiten ari da Uranga.

Aktoreek eta antzerkiaren munduan ibiltzen direnek, oro har, saltseroak izateko fama dute. Nolakoa zinen zu umetan? Eta noiz igo zinen lehenengoz oholtzara?

Ez dakit non sortua den aktoreak saltsero samarrak garela dioen esan hori; niri platerean datozen saltsak bakarrik gustatzen zaizkit… Jakin-minez beteriko neska alaia eta irribarretsua nintzen, une oro “zergatik?” galdetzen zuena. Lehen aldiz taula gainera antzeztera igo nintzenean, berriz, 19 bat urte izango nituen. Administrazio ikasketak egin nituen aurrena, eta arte dramatikoko unibertsitate titulua atera nuen gero. Ikasketak amaitu bezain pronto hasi nintzen aktore lanetan, Goenkale telesailean.

Zein da Goenkale-tik gordetzen duzun oroitzapenik onena?

Goenkale bihotzean daramat, baita bertako kide bakoitza ere. Garai oso ona eta aberasgarria izan zen niretzat, zentzu denetan.

Garai haietan, Beatriz edo Hankame zinen askorentzat. Oraindik ere Goenkale-ko Beatriz izango zara hainbatentzat…

Bai, gaur egun batek baino gehiagok deitzen dit Beatriz izenez. Ez dit axola horrek; alderantziz, polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, lotura honetan.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide